BILBOKO UDALAK MUGIKORTASUN PERTSONALEKO IBILGAILU ELEKTRIKOEN NAHIZ GIZA TRAKZIOKO IBILGAILUEN ERABILERA, ZIRKULAZIOA ETA APARKATZEA ARAUTZEN DUEN JARRAIBIDEA ONARTU DU
- Bilbon mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erabilera arautzen duen jarraibideak bost artikulu ditu. Udalak gaurtik aurrera aplikatuko du instrukzio hori.
- Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuek (MPI) debekatuta dute espaloietan, oinezkoen guneetan, plazetan, parkeetan eta lorategietan zirkulatzea, betiere oinezkoen lasaitasuna eta segurtasuna bermatze aldera. Giza trakzioko mugikortasuneko ibilgailuak (GTMI) pertsonen abiaduran joan ahal izango dira.
- MPI ibilgailuek baimenduta dute abiadura-muga 30 km/h-koa den kaleetan zirkulatzea; ez ordea, zirkulazioaren abiadura-muga 50 km/h-koa den kaleetan.
Gobernu Batzordeak Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailu Elektrikoen nahiz Giza Trakzioko Ibilgailuen erabilera zehatza arautzen duen jarraibidea onartu du Bilborako.
Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak, 2016ko azaroaren 3ko 16/V-124 jarraibidean aholku orokorrak eman zituen eta handik abiatuta, Udalak Ordenantza espezifikoa garatu edo bestela, Zirkulazioko Udal Ordenantza aldatu behar du. Hori egin arte, gaia arautu barik egon ez dadin, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak jarraibide zehatz batzuk prestatu ditu 5 artikulutan. Ordenantza aldarrikatu arte artikulu horiek izango dira gida; izan ere, jarraibide horretan kontuan hartu da mugikortasuneko ibilgailu horiekin DGTk egin zuen sailkapena, 2016ko jarraibidearen eranskinean argitaratu zena.
Alfonso Gilek, alkateorde eta Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoen (MPI) nahiz giza trakzioko ibilgailuen (GTMI) erabilera, zirkulazioa eta aparkatzea arautzen duen jarraibide honen nondik-norakoak azaldu ditu gaur goizean.
Jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko apustuan, Udalak positibotzat jotzen ditu era honetako ibilgailuetan egiten diren joan-etorriak. Hala ere, kontuan hartuta Bilboko joan-etorrien % 67 oinez egiten direla, hasiera-hasieratik ohartu zen Udala era horretako ibilgailuak ezin zitezkeela oinezkoentzat mehatxua izan eta, ondorioz, erabaki dute espaloietatik kanpo joan behar dutela, bizikletak bezala; izan ere, galtzadetatik eta bidegorrietatik baino ezin dira ibili.
Aurrerantzean, patineteen erabiltzaileek Zirkulazioko Udal Ordenantzan eta trafikoko, motordun ibilgailuen zirkulazioko eta bide segurtasuneko alorrean indarrean dauden arauetan ezarritako zirkulazio-arau orokorrak errespetatu behar dituzte. Era berean, patineteetan ezin da ez aurikularrik ez gailu mugikorrik erabili, ezin da arauz ezarritakoak baino alkohol tasa handiagoekin, ezta drogekin ere, zirkulatu. MPIak gidatzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da, A motakoak direnean, eta 18 urtekoa, B eta C motetakoak direnean.
ESPAZIO PUBLIKOAREN ERABILERA
Espazio publikoaren erabilerari dagokionez, jarraibidean zehazten da espaloietan, oinezkoen guneetan, plazetan, parkeetan eta lorategietan ezin dela MPIekin ibili, bai ordea GTMIekin, betiere pertsonen abiadura joanda.
Parke eta lorategietan berariaz seinalatutako ibilbideak salbuetsiko dira, oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko baldintzak betetzen badira. Salbuespen modura baita, A motako MPIek Zazpi Kaleetako kale hauetan zehar ibili ahalko dute: Gurutze, Zamudioko atea eta Erronda kaleetan, Erribera kalerantz, Askao kaletik sartuta, baldintza batzuk betez gero.
Galtzadari dagokionez, GTMI erako ibilgailuek debekatuta dute galtzadatik zirkulatzea eta MPIak, ordea, 30 kilometroko abiadura-muga duten kaleetatik bakarrik.
Gainerako zirkulaziotik eta oinezkoen guneetatik fisikoki bereizita dauden bizikleta-bideetan, A motako MPIak erabili ahalko dira. Ezin dira 20 km/h baino arinago joan.
APARKATZEA
Arautegiaren arabera, debekatuta dago A motako MPIak espaloietan aparkatzea, ez bada bizikleten aparkalekuak daudela. GTMIak eta B motako MPIak ezin dira inolaz ere espaloietan aparkatu. MPIak motorrak eta bizikletak aparkatzeko erreserbetan aparkatu daitezke.
JARDUERA EKONOMIKOAK
Azken artikuluan, 5.ean, MPIekin egin daitezkeen jarduera ekonomikoak arautu dira. Merkataritza edo ekonomi jardueretarako erabiltzen diren MPIen zirkulazioa berariaz baimendu behar du Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak eta baldintza orokor jakin batzuk bete behar dira. Baimenean ezarriko dira ibilbidea, ordutegia eta bidearen gainerako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko zehazten diren mugak.