UDALAK HANDIAGOTU EGIN DU MIKROHEZEGUNEEN SAREA, BILBOKO UDALERRIAN KLIMA ALDAKETAREN ONDORIOAK ARINTZEARREN ETA BIODIBERTSITATEAREN GALERA MURRIZTEARREN

Hezeguneen nazioarteko goi-bilera duela hilabete batzuk egin zen, bi lekutan aldi berean (Geneva eta Wuhan), eta goi-bilera horretan, naturak klima-aldaketaren kontra eta biodibertsitatearen galeraren kontra jarduteko eskaintzen dituen konponbideak aldarrikatu ziren. 1900etik hasita, ia hezeguneen bi heren desagertu dira, eta desagertzeko prozesu horrek aurrera egin du joan deneko 40 urte honetan, eta, horren ondorioz, andeatzea % 40raino iritsi da. Bilboko Udaleko Ingurumen Sailatalak, azken urteotan, prozesu horri atzera eragin nahi izan dio, udalerrian mikrohezeguneen sare bat eraikita. 2022an, sarea handiagotu egin zen Bilboko hiri-periferian, Errekalden hezegune berri bat eraikiz eta udalerrian ––iparraldean nahiz hegoaldean––banatuta dauden gainerako hezeguneak aztertuz eta kudeatuz.

 

Gizarteak hezeguneei buruz duen ikuspegiak 180 graduko aldaketa bat izan du; izan ere, joan den mendean gaitzetsi eta suntsitu egin ziren, eta, gaur egun, ostera, babestu egiten dira, eta, apurka-apurka, hezeguneen sarea handitzeko lanak egiten dira EAEko lurralde batzuetan. Neurri batean, naturarekin geneukan zorra kitatzen ari gara, eta hala diote uretako organismoen arloko aditu batzuek, hala nola herpetologoek (anfibioak) eta entomologoek (burruntziak eta sorgin-orratzak).

Biodibertsitaterako Europar Estrategia 2030 delakoak bere lerro nagusien artean dauka hezeguneak eta ibaiak babestu eta oneratzea.

 

Bilboko Udalaren Ingurumen Sailatalak ekosistema hauskor, fisikoki txiki baina biologikoki handiak babestearen eta oneratzearen alde egin du. Gure ahalegin honen ardatza, bestalde, hau izan da: udal ortuen barrutietan mikrohezeguneak sortzea (Artxandan, Otxarkoagan eta Errekalden), bai eta Artxondoko inguruan ere. Udalerriaren barruan mikrohezeguneen sare horiek edukita, nabarmenki handitu da biodibertsitatea inguru horietan. Esate baterako, bi espezie hauteman dira, lehen ez zeudenak, eta Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartuta daudenak, hala nola Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus), Interes Bereziko kategoriaren barruan, eta iberiar baso-igela, Zaurgarrien kategorian. Gainera, kokaleku horiek zeregin funtsezkoa betetzen dute hirigunea leuntzeko elementu moduan, eta inguru horietan bizi diren bizilagunek aisialdirako eta naturaz gozatzeko baliatzen dituzte.