Udal-ekintzak
Kutsadura atmosferikoa

ERANTZUN LABURRA

Airearen kutsadurak giza osasunean izugarrizko erasoak jotzen jarraitzen du eta jada munduko biztanleriaren % 90ari eragiten dio. Gainera urtero zazpi milioi pertsonaren heriotza goiztiarraren erantzule da, hauetatik 600.000 haurrak (2019ko NBEren datuak). NBE-Habitaten arabera, hiriek munduko berotegi efektuko gasen emisioen % 60 baino gehiago ekoizten dute.

Airearen kutsadurak lehen mailako arriskua suposatzen du haurdun dauden emakumeentzat; gainera, jada eskola-errendimenduaren, 5 urte baino gutxiagoko haurren gaixotasun kronikoen eta gas kutsatzaileen artean loturak aurkitu dira. 2019ko azaroan, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Munduko Bankuak, klima-krisiaren aurkako funtsezko neurriak hartzen ez badira, kaltetuenak 0 eta 5 urte bitarteko haurrak izango direla adierazi zuten.

Gainera, kutsadura berotze globala eta klima-aldaketa larriagotzen dituen faktore garrantzitsuetako bat da.

Atmosfera-gas kutsatzaile nagusiak honako hauek dira:

  • Sufre oxidoak (SOx), batik bat SO2.
  • Nitrogeno oxidoak (NOx).
  • Ozonoa (O3).
  • Karbono monoxidoa (CO).
  • Partikula esekiak (PM edo PM10 eta PM2.5).

Azken hamarkadetan, Bilbo, industria-hiri izatetik zerbitzu-hiri izatera igaro da, eta, horri esker, airearen kalitate-baldintzak nabarmen hobetu dira. Dena den, hobekuntza gehiago egitea beharrezkoa da oraindik, hirian igortzen diren berotegi-efektuko gasen % 40 baino gehiago garraioan sortzen baitira.

ERANTZUN LUZEA

Gaian apur bat sakontzeko, gas kutsatzaileen eraginak azalduko ditugu:

  • Sufre oxidoak (SOx), batik bat SO2.

Sufrea duten substantziak —besteak beste, ikatza eta petrolioa— erretzean sortzen da. Euri-urarekin eta beste gas batzuekin konbinatzean, euri azidoa sortzen dute. Gas horien arnasketak arnasketa-arazoak sor ditzake (birika-gutxiegitasuna). Gainera, gas hauen ondorioz hurrengo gaixotasunak sor daitezke:

  • Begi-narritadura azido sulfurikoaren eraketaren ondorioz, biriketako edema, bihotz-geldialdia, zirkulazioaren gelditzea edo keratitisa.

 

  • Nitrogeno oxidoak (NOx).

Hasieran, lurzoruko eta ozeanoetako bakteriek sortutako oxido nitriko (NO) gisa sortzen da, eta horrek, atmosferako oxigenoarekin konbinatzean, nitrogeno dioxidoa (NO2) eratzen du. Hirietan, konposatu horren % 75 baino gehiago ibilgailuen zirkulazioaren ondorioz sortzen da. Oxido horiek hainbat arazo eragiten dituzte gure osasunean. Zenbait organotan (gibela, barea, etab.) eta arnas sisteman dituen eraginak dira nabarmentzekoak. Nitrogeno oxido maila altuen arnasketak hurrengo arazoak eragin ditzake:

  • Erredurak, espasmoak, eztarriko ehunen eta goiko arnasbidearen dilatazioa, eta gorputzeko ehunen oxigenazio murrizketa.

 

  • Ozonoa (O3).

Nitrogeno oxidoa, konposatu organiko lurrunkorrak eta beste konposatu batzuk erreakzionatzean eratzen den konposatua da. Atmosferaren goiko geruzetan onuragarria da, Lurra erradiazio ultramoreetatik babesten duen ozono-geruzan baitago. Hala ere, lurrazaletik hurbil, arnasketa-arazo larriak eragin ditzake, mukosak narritatuz edo birika-gaixotasunak sortuz. Ozono maila altuak hurrengo gaixotasunak eragin ditzake:

  • Arnasketa gaixotasun kronikoak.

 

  • Karbono monoxidoa (CO).

Klima-aldaketari buruzko sarreran aipatua. Bigarren mailako konposatu gisa karbono dioxidoa eratzen du, berotegi-efektuko gas nagusietako bat, alegia. Osasunaren ikuspegitik, karbono monoxidoa odolean sartzen denean, hartan dagoen oxigeno-kantitatea txikitzen du, ehun eta organoentzat oso kaltegarria izan daitekeena. Karbono monoxidoa arnasteak hurrengoak eragin ditzake:

  • Buruko mina, zorabioa edo nekea.

Karbono monoxido esposizio maila altuagotan, ordea, hurrengoak eragin ditzake:

  • Logura, haluzinazioak, konbultsioak edo konorte-galtzea.

 

  • Partikula esekiak (PM edo PM10 eta PM2.5).

Hauek ere klima-aldaketari buruzko atalean aipatu ditugu. Besteak beste, ibilgailuen pneumatiko eta balazten zati txikiak (higaduraren ondorioz sortuak) eta kedar- edo hauts-partikulak dira. Partikula esekiak kutsatzailerik arriskutsuenak dira giza osasunerako; izan ere, hain txikiak direnez, giza gorputzaren barruan ia edozein lekutara garraia ditzakete substantzia kaltegarriak.

Partikula hauen arnasketak gaixotasun hauek eragin ditzake:

  • Bronkitis sinple edo kronikoa, arazo kardiobaskularrak edo odol-intoxikazioa.

Helburuak eta ekintzak

Bilbon, Udalak gas kutsatzaileen murrizketa eta arintzea lortzeko neurriak hartu ditu.

Udalak zenbait erronkari aurre egin nahi die. Hauek dira nagusietako bi: herritarrak kutsatzaile atmosferikoen arriskuen inguruan kontzientziatzea, eta gure eguneroko bizitzan gutxiago kutsatzeko alternatibak eskaintzea eta ezagutaraztea, hala nola, garraiobide alternatiboak.

Helburu horiek betetzea, neurri batean, Bilboko Udalak sinatutako ingurumen-arloko akordio hauen bidez oinarritzen da:

  • Carta de Aalborg, Bilboko Udalak 1998ko martxoaren 31n sinatua. Akordio hori sinatzean, Tokiko Agenda 21 apurka-apurka ezartzeko oinarriak ezarri ziren Bilbon. Haren funtsezko tresnetako bat Tokiko Ekintza Plana da.
  • Covenant of Mayors for Climate & Energy, lehen Compact of Mayors izenarekin ezagutzen zena, Bilboko Udalak 2010eko maiatzaren 21ean sinatua. Bilbon, eragin hauek izan zituen: Metro Bilbaoren sarea zabaltzea eta Bilbobizi planaren bidez bizikletaren erabilera sustatzea (bizikletak mailegatzeko zerbitzuaren erabiltzaileen kopurua % 100 handitu zen).
  • BasqueDeclaration. Euskal Adierazpena, 2016ko apirilaren 27an sinatua. Dokumentu hori partikularrek ere sinatu dezakete.
  • Bilboko aire kalitatearen hobekuntza Plana, 2018ko maiatzaren 28an sinatua. Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmen honen helburua airearen kalitatea hobetzeko plan baten elaborazioa da, nitrogeno dioxidoaren (NO2) emisio atmosferikoak murrizten dituena, hain zuzen ere.

Axola zaigu zure iritzia

Izango dituzu praktikan jartzeko moduko ideiak edo aholkuak.
Bidal iezazkiguzu, eta lagun iezaguzu hobetzen!