Bilboko Udalak edukiontzi marroiak uri guztian jarri ditu, hondakin organikoak birziklatzea errazteko

Edukiontzi marroia Bilbo guztira helduko da. 5., 6., 7. eta 8. barrutietan hondakin organikoak bereizita bildu eta horiek birziklatzeko edukiontzi berriak jarriko dituzte. Hemendik urtearen amaierara arte, kalean 1500 edukiontzi marroi berri jarriko dituzte; beraz, edukiontziko 260 biztanleko ratioa egongo da Bilbon.

Gure zabor-poltsetan egoten denaren % 40 hondakin organikoak izaten dira eta horiek birzikla daitezke konposta lortzeko; eta tratamendu mekaniko biologikoko instalazioetara eraman ditzakete. Orain, gutxi gorabehera, 9100 familiak erabiltzen dute sistema hau eta urtean 586.199 kilo hondakin organiko jasotzen dira. Edukiontzi marroiak uri guztian jarrita, urtean 3.600.000 kilo inguru biltzea aurreikusita dago.

Oraingo bizimoduaren eta kontsumo-ohituren ondorioz hondakin kopuru handia sortzen dugu egunero. Gizarteak dituen erronken artean hondakinen kudeaketa egokia egitea da, ingurumena zaintzeko eta kudeaketa jasangarria izateko. Helburua, Europak ezarritakoarekin bat etorrita, 2020an hondakinen % 50 birziklatzea da. Bilboko Udalak horretarako lehen urratsa emango du, uri guztian hondar organikoak bereizita bilduz eta horretarako herritarrei beharrezko materialak emanez. Hala ere, herritarren konpromisoa eta parte-hartzea ezinbestekoa da horretarako.