AZTARNA HIDRIKOA

Gure egunerokoan egiten dugun ia guztiak ur-gastua dakar. Aldean daramagun arropak, janariak, etab. OMEren kalkuluen arabera, egunean 10 minutuko dutxa batean 200 litro inguru kontsumitzen dira. Datu hori kontuan hartzen badugu, eta kontuan hartzen badugu eguneroko gauza asko egiteko (janaria prestatu, hortzak garbitu, arropa garbitu, garbiketak egin etab.) ura behar dela, batez beste urtean 1.300 metro kubiko ur kontsumitzera irits daiteke pertsona bakar bat.

Baina, gizakiak ura erritmo horretan kontsumitzen jarrai al dezake? Baliabide naturala da, eta haren mende daude planetako bizimodu guztiak, eta gero eta urriagoak dira, hiru faktore hauengatik:

  • Klima-aldaketa
  • Uraren kutsadura
  • Biztanleriaren hazkundea

Karbono-aztarna bezala, aztarna hidrikoa ingurumen-adierazle bat da, kontsumoko edo zerbitzuko ondasun bat ekoizteko erabilitako ur gezaren bolumena neurtzen duena. Boligrafo bat edo kamiseta bat fabrikatzeko erabilitako ur-kontsumoa neurtzeko erabil daiteke, baita herrialde baten guztizko kontsumoa neurtzeko ere.

Urari buruzko heziketarako UNESCO-IHE institutuan lan egiten zuen bitartean, Arjen Hoekstra irakasleak “aztarna hidrikoaren” kontzeptua sortu zuen 2002an. Horren helburua da ekoizpenerako eta bizi-ohituretarako behar den ur-bolumen itzelaz kontzientziatzea eta erabilera arrazional eta jasangarria sustatzea.