Zorrotzako udal ortuak eskatzeko epea ireki da

Atzo, Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariak eta Álvaro Pérez Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ondokoak Zorrotzako udal baratze ekologiko berriak aurkeztu zituzten, Bilboko Udalak Zorrotzako bizilagunen eskura jartzen dituenak.

Atzo, ekainak 29, hasi eta uztailaren 27a arte aurkez daitezke ortu horietako bat eskuratzeko eskabideak. Ortuak eskuratu ahal izateko, eskatzaileek Zorrotzan erroldatuta egon behar dute.

20 baratze modular dira, bakoitza 13,5 metro koadrokoa. Bertan, bizilagunek baratze ekologikoak eduki ahal izango dituzte bi urtez, beste bat gehiago luzatzeko aukerarekin.

Ekipamendu komuna dute ortuek: armairu indibidualak eta komuna dituen etxola bat, erremintak gordetzeko espazio itxi bat, harraska bat, ureztatzeko ura eta euria biltzeko ur-tanga bat, eta edateko uraren iturri bat.

Erabiltzaileak egunero sartu ahal izango dira ortuetan, 08:30etik 18:30era, udazken-neguko ordutegian, eta 08:30etik 21:00etara, udaberri-udan.

Ortuak loteka emango dira, onuradunen arabera:

  • Auzokoen lotea.
  • Desgaitasunen bat duten pertsonentzako edo haien elkarteentzako lotea
  • Auzoko denbora luzeko langabetuen lotea.
  • Irabazi asmorik gabeko auzoko elkarteentzako lotea.
  • Bilboko Eskolako 2030 Agendarekin lotutako jarduerak

Lurzatiaren erabilera doakoa da, baina landatzen dutenek mantentze-lanak egiten lagundu behar dute eta, aldi berean, konpromisoa hartuko dute ortua etengabe lantzeko, ura arduraz kontsumitzeko, Udalak ezarritako irizpide ekologikoei jarraituz landatzeko eta beren jardueraren ondorioz sortutako hondakinak arduraz kudeatzeko. Ortu bi hilabete baino gehiago landu barik uzten badute, udalaren baimena galduko dute.

Oinarriak eta dokumentazioa Bilboko Udaleko Erregistro Orokorrean (Ernesto Erkoreka plaza, 12), barrutiko udaltegietan, hitzordua eskatuta (8:30etik 13:00etara), eta udal-webgunean (www.bilbao.eus) kontsulta daitezke.

Argibide gehiago hemen: https://www.bilbao.eus/cs/Satellite?cid=1279166855184&language=eu&pagename=Bilbaonet%2FPage%2FBIO_contenidoFinal