Posidonia ozeanikoa, klima-aldaketaren aurkako gakoa

Posidonia ozeanikoa, algak direla uste bada ere, lehorreko landare multzo batekoa da, eta eboluzioan zehar itsas ingurunera egokitu ahal izan da. Hostoak metro bat baino gehiago neurtzera irits daitezke, eta belardi zabalak eratzen ditu itsas hondoan. Hazkunde motelekoa da, eta kalkulatzen da Mediterraneoko belardiek 100.000 urte baino gehiago dutela, planetako izaki bizidun urtetsuena izanik. Mediterraneoko espezie endemikoa da eta, 1999az geroztik, Ibizako eta Formenterako Gatzagen Parke Naturaleko belardiak Gizateriaren Ondare izendatu zituen UNESCOk.

Belardi horiek ezinbesteko funtzioa betetzen dute biodibertsitateari eusteko, eta espezie askoren babesleku izateaz gain, babestutako eta mehatxatutako espezieak hazteko eta haien habitat gisa balio dute. Kalkuluen arabera, posidonia belardietan 400 landare-espezie eta 1000 animalia-espezie baino gehiago bizi dira. Gainera, basoak bezala, katea trofikora nutrienteak eta energia sartzeko bidea dira. Biosferaren ekosistemarik emankorrenetako bat da, eta CO2-aren hustubide izateko duen gaitasunagatik nabarmentzen da, Amazoniako oihanaren ahalmena gaindituz. Hostoak galtzean, hondartzetara iristen dira eta neguan harea finkatzeko balio dute; baina, gainera, harea sortzen laguntzen duen eta olatuen higadura murrizten laguntzen duen ekosistemaren parte da. Azkenik, belardiak ezin hobeak dira itsasoko ura garbi eta garden mantentzeko, eta sedimentu-iragazle handiak dira.

Hainbat mehatxu ditu landare-espezie garrantzitsu honek. Alde batetik, gizakiak eragindako mehatxuak, hala nola arrantza-praktikak, ontzien ainguratzeak (aingurak eta kateak arrastatuz itsas hondoa suntsitzen da), itsas kutsadura, kloaka-uren isurketak, harea erauztea eta dragatzea. Mehatxu horien ondorioz, azken urteetan, posidoniaren % 30 eta % 40 artean galdu da inguru horretan.

Espezie inbaditzaileak ere mehatxu dira. Mehatxu nagusia da gizakiak nahi gabe sartutako alga bat da, Monakoko akuario batean izandako isurketa baten ondorioz. Hori ezin da jan, toxinak dituelako; beraz, desagerrarazteko bide bakarra sustraietatik ateratzea da. Gainera, lehen aipatu dugun bezala, uraren gardentasun-maila garrantzitsua da posidoniaren bizi-iraupenerako; ura zenbat eta uherrago egon (isurketa batengatik edo sedimentuen suspentsioagatik) orduan eta kalte handiagoa belardiari.

Eta klima-aldaketa. Landare honek 10 eta 28 ºC arteko tenperaturak jasaten ditu, baina uraren propietateen aldaketekiko oso sentikorra da. Klima-aldaketak ozeanoetako uraren tenperaturak igotzen du eta landareak jasan dezakeen tenperatura-muga gainditzen denean, posidoniaren heriotza-tasa izugarri igotzen da, eta posidonia belardien % 6 desagertzen da urtean.

Beraz, landare hori desagertuko balitz, ondorioak nabarmenak izango lirateke: berotegi-efektua areagotuko litzateke, hondartzetako harea-kantitatea murriztuko litzateke, ura zikinagoa egongo litzateke iragazketa faltagatik, eta landare hori habitat gisa duten animalia-espezie askok kalteak izango lituzke.