OZEANOEN MUNDUKO EGUNA
Urtero bezala, gaur, ekainak 8, Ozeanoen Munduko Eguna ospatzen dugu, ur-masa horiek planetan duten garrantzia aitortzeko.
Badakigu ozeanoek, ur gazi eremu handiek, lur-azaleraren zati handi bat estaltzen dutela. Biodibertsitatearen parte handi bat ere hartzen dute: milaka espezie (animaliak, landareak eta abar), zeinak oso garrantzitsuak baitira gizakioi bizirauten laguntzen digun oreka ekologikoa mantentzeko. Horrez gain, planetako oxigenoaren zati handi bat sortzen dute, eta, hartara, planetaren birika direla jotzen dira. Beraz, planetaren euskarri moduan funtzionatzen dute, eta funtsezkoak dira bizitzaren ziklorako.
Ozeanoek ezinbesteko funtzioa betetzen dute: oreka klimatikoa mantentzen laguntzen dute. Alabaina, gaur egun, erregai fosilen kontsumoak eragin negatiboa izan du planetan: tenperaturek gora egin dute, eta kliman desoreka sortu da. Hori arazoa eta mehatxua da gizakiontzat. Ikertzaileek ondorio hauek ere ikusi dituzte:
- itsasoaren mailak gora egin du, berotegi-efektuko gasak direla eta,
- glaziarrak urtu dira, eta
- ozeanoetako gazitasuna jaitsi da, eta, horrek, epe luzera, ekaitz handiak, uholdeak eta planeta osoan ondorio latzak izango lituzketen bestelako hondamendiak ekarriko lituzke.
Gainera, gero eta gehiago dira ozeanoetan amaitzen duten eta ingurumenean inpaktu handia duten hondakinak (batez ere, plastikoak). Horrek guztiak biodibertsitateari eta haren ekosistemei eragiten die: kutsatu egiten ditu, heriotza dakar eta ugaltzea galarazten du; eta, ondorioz, ekosistemetan desoreka sortzen da.