Lurzoruaren garrantzia
Urarekin eta airearekin batera, lurzorua da gizakiok dugun baliabide preziatuena: euskarri fisikoa izateaz gain, guretzat eta ekosistementzat ezinbestekoak diren lehengai eta zerbitzuak ematen dizkigu.
Azken hamarkadetan, ekosistemak narriatu egin dira, apurka-apurka eta larriki, eta horrek eragin du biosferaren funtzionamenduaren oinarri diren ziklo biogeokimiko nagusiak aldatzea. Gizakion jarduerak areagotu egin du narriadura hori: erregai fosilak erretzea, kutsadura-emisioak, lehengaien kontsumo neurrigabea, natura-baliabideen gehiegizko ustiapena…
Historikoki, lurzoruaren kutsadurari jarri zaio arreta, gehienbat. Ordea, badaude beste mehatxu batzuk: higadura, zigilatzea, trinkadura, gazitzea, gai organikoa eta biodibertsitatea galtzea, lur-irristatzeak eta abar.
Alabaina, lurzorua gizakion biziraupenari lotuta badago ere, baliabide horren babesa alde batera utzi da, sarri askotan.
Bada, lurzorua ere natura-baliabide EZ-berriztagarria da, eta ematen dituen ondasun eta zerbitzuen erauzketa- edo esplotazio-tasak baino askoz txikiagoa den birsorkuntza-erritmoa du. Beraz, baliabide horren berezko eginkizunak epe luzera mantenduko badira, beharrezkoa da lurzoruen kudeaketa jasangarria egitea.