Hobe soltean erostea, ontziratuta baino
Gaur egun, supermerkatuetako produktu asko ontziratuta daude, eta, ondorioz, plastikoak eta bestelako hondakinak sortzen dituzte. Horiei gehitu behar zaizkie produktuok biltegiratu eta garraiatzeko bilgarria, eta ontziak fabrikatzeak eragindako gastu energetikoa.
Supermerkatuetan, oso ohikoak dira behin erabili eta botatzeko ontziak: poliestirenozko erretiluak, PETezko botilak, tetrabrikak edo plastikozko ontziak, esaterako. 2018an argitaratutako azterlan zientifiko baten arabera, Pazifikoko uretan bakarrik, 87.000 tona hondakin dago, flotatzen.
Horri erantzuteko, Zero Hondakinak (Zero Waist) ekimena sortu zen: nazioarteko korronte bat, kontsumo arduratsua eta berrerabiltzea sustatzen dituena, etxeetan sortzen den zaborra ahalik eta gehien gutxitzeko. Ekimenak fokua jartzen du eguneroko ekintzen bidez plastikoak murriztean, beirazko ontziak eta oihalezko poltsak erabilita, edo soltean erosita, esaterako.
Fruta, barazkiak, lekaleak, fruitu lehorrak eta abar bezalako produktuak soltean erosteak, erabilera bakarreko plastikoak erabiltzea saihesteaz gain, nahi dugun kantitatea eramatea ahalbidetzen digu.
Ez dugu ahaztu behar oihalezko poltsa, sarea edo beirazko ontziak eramatea: horrela eginez gero, ez dugu supermerkatuan plastikozkorik eskatu beharko.
Aurten bertan, lurzoruei eta lur kutsatuei buruzko 7/2022 Legea sartu da indarrean. Lege horren arabera, 400 m²-tik gorako supermerkatuek beren azaleraren % 20 eskaini behar diote, gutxienez, bilgarririk gabeko produktuak saltzeari (soltean saltzeari, adibidez). Gainera, produktu freskoak, edariak edo kozinatutako elikagaiak saltzen dituzten elikadura-establezimenduek onartu egin behar dute kontsumitzaileek soltean erostea ahalbidetzen dieten ontzi berrerabilgarri egokiak erabiltzea.