GABONAK vs INGURUMENA

Aste honetan, urteko oporrik gogokoenak helduko zaizkigu: Gabonak. Bazkari-afariek, opariek, apaingarriek, argiek, su artifizialek eta senitartekoekin egoteak, besteak beste, sasoi hau urteko berezienetakoa izatea eragiten dute. Alabaina, jai hauek eragin kaltegarria dute planetan.

Gabonen ezaugarri nagusia apaingarriak dira, eta, horien artean, Gabonetako arbola artifizialak dira gehien erabiltzen ditugunak. Lehen begi-kolpean, eman dezake ingurumenerako onuragarriagoak direla. Alabaina, kalteak onurak baino handiagoak dira. Arbola horiek petrolioaren deribatu batekin fabrikatzen dira: polibinil kloruroarekin (PVC). Gainera, arbolen % 80 inguru Txinan fabrikatzen dute, non elektrizitate gehiena ikatza erretzetik sortzen baita; erregai kutsagarrienetako batetik, alegia. Arbolak, fabrikatu eta gero, helmugara bidaltzen dituzte; normalean, diesel motorrak dituzten itsasontzietan. Horrek berotegi-efektuko gas gehiago isurtzea dakar, eta berotze globala areagotzen du. Eta, arbola artifizialak berrerabili egin badaitezke ere, epe luzera zabortegi batean amaituko dute eta han geratuko dira, ez baitira biodegradatzen.

Bestalde, sasoi honetan, elektrizitate gehiago kontsumitzen dugu, argi gehiegi erabiltzen ditugulako. Ingurumenari eragindako kaltea nabarmena da, CO2 isurketa gehiago daudelako eta, beraz, berotegi-efektuko gas gehiago sortzen direlako.

Hona hemen datu bitxi bat, Dibertsifikaziorako eta Aurrezpenerako Institutuak 2007an argitaratua: Espainiako udalek orduko 30 milioi kilowatt gastatu zituzten, gutxi gorabehera, Gabonetako argietan. Elektrizitate-kopuru hori da 50.000 etxebizitza inguruko urbanizazio batek urtebetean kontsumitzen duena.

Pirotekniak, animalientzat kaltegarria izateaz gain (takikardia, dardara, aire falta, goragalea, nahasmendua, kontrola galtzea, beldurra eta are heriotza ere eragin ahal die), airea, ura eta lurra kutsatu ditzake. Su artifizialek, piztean, osagai toxiko mordoa askatzen dute (sufrea, sodio nitratoa, karbono organikoa, aluminioa eta karbono monoxidoa). Osagai horiek 3 egun ere behar izaten dute desagertzeko, eta, arnastuz gero, gaixotasunak eragin ditzakete. Denbora-tarte laburretan kontzentratuta, su artifizialek izugarri eta modu arriskutsuan altxatu ahal dute kutsadura-maila.

Eta, azkenik, aurrekoak bezain garrantzitsua den kontu bat: alferrik galdutako janaria eta hondakinak. Munduan ekoitzitako elikagaien herena alferrik galtzen da, baina, abenduan, kopuru hori bikoiztu egiten da, janari ugari prestatzen dugu eta. Izan ere, askotan behar baino jateko gehiago prestatzen dugu, edo gehiegi erosten dugu. Horrez gain, bilgarriek, botatzeko mahai-tresna eta platerek, erabilera bakarreko plastikoek eta biodegratzen ez diren produktuek hondakin gehiago sortzea dakarte; data hauetan, bereziki. Abenduan, eguneko hondakinen kopurua % 25 handitzen da: 16.000 tonaraino iritsi ahal da egunean sortutakoa. Kalkulatzen da hondakin horien % 48 etxebizitzetan sortzen dela, % 26 dendetan, eta % 14 zerbitzuetan.

Horri guztiari gehitu behar zaio ibilgailu partikularra gehiago erabiltzen dugula familiaren joan-etorrietarako, eta, beraz, karbono dioxido (CO2) gehiago isurtzen dugu atmosferara eta berotegi-efektua areagotzen da.