Dendatik atera orduko, zahartu da zure mugikorra

Mugikorrak egiteko, hainbeste material erabiltzen da, esate baterako: baterian, litioa eta kobaltoa; kableetan eta zirkuitu inprimatuen plaketan, kobrea; soldaketetan, eztainua; kanpoko azalean, plastikoa; eta, kontaktuetan eta txipetan, baita urrea eta zilarra ere.

Eta, lehengai horien atzetik zer dago? Baso soilduak, gatazka armatuak, ur eta lur kutsatuak… Mugikor zaharrak birziklatu eta, berria erostera zoazenean, barruko irrikei ezetz esaten ikasi… Horra hor bi keinu baliagarri aldaketa klimatikoaren aurka borrokan egiteko.

Mugikorra ondo erabiltzea ere garrantzitsua da, batez ere kargatzerakoan. Bateria bete bezain azkar kargagailua segituan kenduko balu munduko mugikor-erabiltzaileen ehuneko 10ak soilik, nahikoa litzateke 60.000 etxeren urtebeteko horniketa bezain beste energia aurrezteko.