Bizikleta Bonuak

Udalak Bilbao Bizikleta Bonuak jarriko ditu salgai gaur, 16:00etan, urian bizikleta erabiltzea sustatzeko eta tokiko merkataritza bultzatzeko. Horrez gain, kutsadura akustikoa murriztea eta irisgarritasun eta hiri-berroneratze handiagoa lortu nahi dute, bai eta uriko ekonomia eta enplegua suspertzea ere, 2019-2023 Agintaldiko Planean ezarritakoaren ildotik.

Nora Abete Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak azaldu duenez, laguntzen plan berri horrekin «herritarrek bizikleta erabiltzea sustatzen jarraitu nahi dugu, “Bizikleta Hiria, bizikletaz hobeto-mejor en bici” izendatu dugun ekintzen programaren barruan; eta, horrekin batera, bultzada bat eman nahi diogu tokiko merkataritzari».

Bilbao Bizikleta Bonuak bi motatakoak izango dira:

  • Bizikletetan mantentze- eta konponketa-lanak egiteko: 50 euroko bonuak (erdia Udalak jarriko du).
  • Bizikleta elektrikoak erosteko: 400 euroko bonuak (erdia Udalak jarriko du).

Bilbao Bizikleta Bonuak 18 urtetik gorako bilbotarrentzat izango dira, bakar-bakarrik. Hiritarrek establezimenduetan bertan erosi eta trukatu beharko dituzte bonuak, NANa aurkeztuta. Bonuak erosteko epea zabalik egongo da urriaren 31ra arte edo bonu guztiak amaitu arte.

Kontsumitzaile bakoitzak, NAN eta tiket bakoitzeko, 1 bonu eskuratu ahalko du bizikleta elektrikoa erostek, eta 2 bonu mantentze- eta konponketa-lanetarako. Establezimendu bakoitzari 30 tiket emango zaizkio, gehienez, bizikleta elektrikoak saltzeko, eta ez da mugarik egongo mantentze- eta konponketa-lanetarako tiketen kopuruan.

Ekimenak 80.000 euroko aurrekontua izango du, guztira, eta 1.450 bonu jarriko dira salgai (50.000, bizikleta elektrikoak erosteko; eta 30.000, bizikletetan konponketa- eta/edo mantentze-lanak egiteko).

https://www.bonobilbao.eus/eu/ helbidean kontsultatu ahal dituzu Bilbao Bizikleta Bonuen kanpainari atxikitako establezimenduak.