BIRZIKLAPENAREN INGURUKO MITOAK

Mitoek, kondairek, desinformazioak… birziklatzeari buruzko zenbait gezur sinetsarazi diete herritarrei. Hauek dira batzuk:

  1. Zaborra kamioietan nahasten da

Hondakin mota bakar bat biltzeko kamioiak daude. Hala ere, kamioi batzuek hondakinak jasotzeko kutxa bat daukate, zati bitan banatuta. Sistema bikonpartimental horrek aukera ematen du inoiz nahasten ez diren hondakin mota bi pilatzeko eta, gainera, eraginkorragoa da eta hondakinen garraioari lotutako ingurumen-inpaktua murrizten du.

  1. Birziklatze-instalazioan hondakin guztiak elkartzen dira

Nahiz eta birziklatze-instalazioetara beste mota batzuetako hondakin txikiak iritsi, aldez aurreko hautaketa-erroreen ondorioz, instalazio bakoitzean hondakin zehatz bat tratatzen da.

  1. Ontziak garbitu egin behar dira birziklatu aurretik

Uste da ontziak birziklatu aurretik garbitzea onuragarria dela, baina benetan ez da jasangarria, baliabideak behar ez den zerbaitetan gastatuko ditugulako. Birziklatze-instalazioetan, hondakinak garbitu egiten dira eta, beraz, beharrik gabe uraren gastua bikoiztuko genuke (ekonomikoki eta planetarentzat ez da oso positiboa).

  1. Birziklatzeak produktu berria fabrikatzeak baino gehiago kutsatzen du

Benetan, gehiago kostatzen da produktu berriak fabrikatzea birziklatzea baino. Birziklatzean, ura, energia eta lehengaiak aurrezten ditugu. Baina, era berean, produktua fabrikatzeko lehengaia lortzean sortutako kutsadura murrizten dugu. Beste alde batetik, produktu berriak fabrikatzeko naturako lehengaiak ateratzeak produktu horiek birziklatzeak baino ingurumen-kostu handiagoa dakar.

Baliabideen etengabeko gastua sortzen duen kontsumo-ereduaren aurrean ekonomia zirkularra dago, berrerabilpenaren eta birziklatzearen bidez ekoizpen-prozesuetan energiaren eta lehengaien kontsumoa aurrezten duena.

DATUA: 2021ean birziklatu ziren ontziei esker, atmosferara 2,05 milioi tona CO2 isurtzea saihestu zen, 20,50 milioi metro kubiko ur eta 5,27 milioi megawatt orduko energia aurreztu ziren. Aluminiozko lata bat material birziklatuekin fabrikatzeak energiaren kontsumoa % 95 murrizten duela kalkulatzen da; paperaren kasuan, berriz, energiaren % 62 eta uraren % 86 aurrezten da.

  1. Material birziklatuarekin egindako produktuak kalitate txarragokoak dira

Egia da duela urte batzuk teknologia mugatuagoa zela eta ezin zirela gai konplexuak edo material-nahasketak zituzten artikuluak birziklatu. Baina gaur egun badira baliabideak material mota guztiak birziklatzea eta ontziak jasangarriagoak egitea ahalbidetzen dutenak.

Esperientziari, inbertsioei eta aurrerapen teknologikoei esker, material birziklatuarekin sortutako produktuak (gero eta ohikoagoak dira) elementu berriekin sortu direnen kalitate berekoak dira. Europar Batasunak ezartzen du udal-hondakinen % 55 eta plastikozko ontzien % 65 birziklatu behar direla 2025erako. Eta 2030erako, plastikozko ontzi guztiek birziklagarriak izan beharko dute.

Beira, aluminioa eta plastiko asko mugarik gabe birziklatu daitezke, kalitatea galdu gabe; papera, berriz, 5-7 aldiz birziklatu daiteke zuntzak higatu baino lehen. Gainera, birziklatutako plastikotik abiatutako errepideak garatzen ari dira.

  1. “Ez dut birziklatzen lanpostuak galtzea nahi ez dudalako”

Hondakinak hondakindegietan deuseztatuko balira baino 10 aldiz enplegu gehiago sortzen ditu birziklatzeak. Gero eta gehiago birziklatzen bada, birziklatze-instalazio gehiago sortu beharko dira, eta horrek sektoreko enplegu-tasa handitzea ekarriko du.

  1. “Nik birziklatzeak ez du mundua aldatuko”

Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, espainiar bakoitzak 471 kilo hondakin sortzen ditu urtean, batez beste. Beraz, herritar bakar batek ez balu birzklikatuko urte osoan, mota guztietako hondakinen ia tona erdi bat hondakindegietara eramango litzateke.

Birziklatzea ez ezik, ingurumenarekin arduratsua den bizimodua sortzea ere bada helburua. Birziklatuz bakarrik ez dugu planeta salbatuko, baina ekintza txikiekin lehen urrats bat emango dugu hori lortzeko.