Bilboko Udalaren Hiri Berroneratzearen Sailak etxadi-patio bat natura- eta paisaia-irizpideak kontuan hartuz oneratzea sustatu du

Atxurin gauzatzen ari da proiektua, Basobidea 11, 13 eta 19ko eta Zabalbide 28ko eraikinek osatutako etxadi-patioan, eremu abandonatu eta andeatu bat berdegune berri bat bihurtzeko diseinatuz eta antolatuz. Espazio hori patioa osatzen duten lau jabe-erkidegoen eskura egongo da.

850 metro koadroko azalerakoa da, eta, jarduketaren ondoren, berdegune berritua izango da, hainbat erabilerarekin: berdegunea lorategiarekin, aisialdi-gunea eta ortua.

Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisa birgaitze-sozietatearen bidez, diruz lagunduko du jarduketa hau, barne-patio bat oneratu eta birnaturalizatzeko eta ingurumena eraldatzeko modua emango duena. Jarduketa honekin, konponbidea emango zaie hiri-eremu konpartitu baten abandonuari, andeatzeari eta osasunaren kaltea eragin dezakeen egoerari.

Sailak eredu gisa aurkeztu nahi du jarduketa hau, pizgarria izan dadin naturalizazio-irizpideen arabera berroneratzeko beharrizan berak dituzten beste hiri-eremu batzuentzat.

Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Sailak, Surbisaren bidez, uria onik zaindu eta berritzea sustatzen du, bizitegi-eraikinak birgaitzearen bidez. Horretarako, udal-sailak badu araudi bat dirulaguntzak zenbait irizpideren arabera emateko. Lehenengo dirulaguntza da honako hau, Surbisak bere esku-hartze eremuetan eskaintzen dituen zazpi laguntza ekonomikoetarako lerroetako baten barruan ; zehazki, jabetza pribatuko hiri-espazioak eraldatu eta berdeguneak berrerabiltzeari dagokion lerroan. Dirulaguntza lerro hori uri osora zabalduko da 335.000 euroko aurrekontuarekin.

Laguntza ekonomikoak dira, degradatuta edo erabiltzen ez diren eraikin eta hiri-espazio pribatuetan horrelako esku-hartzeak sustatzeko. Esku-hartze horien bidez, eraikinetan eta hiri-eremu pribatuetan birnaturalizatzea edo ingurumena eraldatzea eragiten da, eta, era horretan, natur baliabideak hobeto baliatzen, klima-aldaketara egokituta, patioak eta estalkiak lorategiekin birnaturalizatuta, eta, horrela, espazio horiek berrerabiltzeko aukera ematen da.

“SURBISA Hiri Berroneratzearen Sailarekin elkarlanean aritu da abandonatuta edo erabili gabe dauden jabetza pribatuko hiri-espazioak eta higiezinak identifikatzearren, ikusteko ea haietan ba ote dagoen ingurumena hobetzeko esku hartzerik, haiek berrerabili eta eraldatzearren, eta, hala, erabilera kolektiboa ematearren, erabilera pribatua edo partikularra baino zabalagoa” azaldu du Iván Calderón Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak.