BILBOKO UDALAK MUGIKORTASUN URBANO ETA JASANGARRIRAKO FOROA ERATU DU

  • Bilboko Mugikortasun Jasangarrirako Foroa espazio irekia da, partaidetza bidezkoa, eta mugikortasun jasangarriarekin zerikusia daukaten uriko enpresentzat, erakundeentzat eta elkarteentzat dago zuzendua.
  • Gainera, HMJP 2030 plana kudeatzeko, sustatzeko eta jarraipena egiteko ardura izango duen organoa, Bilboko Udaleko talde politiko guztiek oraintsu sinatu duten Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Ituneko hastapenak oinarritzat hartuta.
  • Foroa gaur arratsaldean eratuko da “Mugikortasun jasangarriago baterantz” izeneko jardunaldian. Bertan izango dira Alfonso Gil, Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzia eta Pere Navarro, zuzendari nagusia Trafikoko.
  • Foroan parte hartzeak Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Itunaren hastapenak sinatzea dakar derrigorrez. Orain arte hogeita hamar eragile inguruk sinatu dute (auzokoen erakundeak, elkarteak, mugikortasunaren arloko elkarteak, mugikortasunaren inguruko sektore publikoko eta pribatuko enpresak eta udaleko alderdi politikoak).

 

Bilboko Mugikortasun Urbano eta Jasangarrirako Foroa “Mugikortasun jasangarriagorantz” jardunaldian eratuko da ofizialki, gaur arratsaldean Mondragon Unibertsitateko Bilbao Berrikuntza Faktoriaren (BBF) areto nagusian.

Topaketaren aurkezpenean izan dira Alfonso Gil, Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzia eta Pere Navarro, zuzendari nagusia Trafikoko. Hain zuzen ere, azken horrek irekiko du jardunaldia modu ofizialean.

Hori baino lehen, goizean, Pere Navarrok laneko bilera egin du Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko arduradun eta teknikariekin, mugikortasunaren inguruko zenbait iritzi eta informazio trukatzeko. Bertatik bertara ikusi du oraintsu onartu den Bilboko Mugikortasun Urbano eta Jasangarrirako Plana (HMJP).

BILBOKO MUGIKORTASUN JASANGARRIRAKO FOROA

Pere Navarroren mintzaldiaren ondoren, arratsaldean Alfonso Gilek azalduko du HMJP eta bere ardatz estrategikoak eta jarduerak zelan garatuko diren adieraziko du. Jardunaldian Mugikortasunerako Foroaren eredua, edukiak, funtzionamendua eta parte hartzen duten erakundeak zeintzuk diren aurkeztuko du.

Mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duten enpresa, erakunde, entitate eta elkarteentzako parte-hartze interaktiboko espazioa izango da foroa.

Gogoeta egiteko eta eztabaidarako organoa izango da 2030raino eta udal gobernuko organoei gomendioak eta proposamenak egin ahal izango dizkio, modu adostuan.

Aldi berean, HMJP planaren jarraipena egiteko balioko du, garapenari eta helburu eta neurrien betetze-mailari dagokionez; beste alde batetik, laneko ildoak definitu eta doituko ditu, eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako azterlan edo diagnostiko berriak proposatuko ditu.

Azkenik, Foroari dagokio sozializazio-lana eta lan pedagogikoa egitea Bilboko mugikortasun urbano jasangarriaren arloan.

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN ALDEKO ITUNA

Gaurko jardunaldia bukatzeko, Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Ituna sinatzeko ekitaldi ofiziala egingo da. Itunarekin bat egin dute auzokoen erakundeek, elkarteek, mugikortasunaren arloko elkarteek, mugikortasunaren inguruko sektore publikoko eta pribatuko enpresek eta udaleko alderdi politikoek.

Foroko kideen kopurua etengabe igo daiteke. Kide izateko, Mugikortasunaren eta Jasangarritasunaren aldeko Itunaren hastapenak sinatu behar dira.

Mugikortasun-arloko udal politikek, herritarren osasuna eta bizimodua hobetzea dute xede, baita hiri-mugikortasunaren inpaktu akustikoa eta ingurumenekoa murriztea ere; eta, besteak beste, pertsona guztien mugikortasun inklusiborako eskubidea eta uriko edozein lekutara iritsi ahal izatea bermatzea dago haren alderdi eta printzipioen artean. Itunak joan-etorri jasangarriagoei eta eraginkorragoei lehentasuna ematea aurreikusten du, baita hiriko espazio publikoa oinezkoen erabilerako eta gozamenerako berreskuratzea ere.

FOROAREN FUNTZIONAMENDUA

Foroko kide guztiek osatzen dute Batzar Orokorra eta sei hilabetetik behin bilduko da. Lan-mahaiak aktibatu ditzake Batzarrak, Foroaren beharrizanen arabera.

Kontsultak egingo zaizkie herritarrei, teknika kualitatiboak edo/eta kuantitatiboak erabilita. Gogoeta egiteko espazioak edo/eta mugikortasunaren arloko txosten teknikoak diseinatu eta aktibatuko dira, informazio interesgarria biltzeko eta Foroari aholkuak emateko. Espazio birtual bat ere izango du (webgunea, sare sozialak eta sareko galdetegiak).