BILBOKO UDALAK 8 FAMILIA SARITU DITU HONDAKINAK MURRIZTEKO EUROPAKO ASTEAN BIRZIKLATZEAREKIN HARTUTAKO KONPROMISOAREKIN

  • Bilboko Alkateak sari bana eman die Bilboko 8 familiari, barruti bakoitzeko bati, Kaixo Organikoa kanpainarekin bat egin eta euren etxeetan gai organikoak birziklatzen dituztelako. Saria izan da SAMSUNG GALAXY TABS2 tableta bana.
  • Kaixo Organikoa kanpainarekin, edukiontzi marroia auzo guztietan jarri da, modu mailakatuen. Une honetan, 24.405 familia eta 358 ekoizle handi (fruta-denda, ikastetxe eta supermerkatuak) dira kanpainarekin bat egin dutenak Bilbon (% 180ko igoera egon da). Horiek 1.500 edukiontzi marroi dituzte hondakin organikoak botatzeko, eta horri esker gai organikoen bilketak % 144ko igoera izan du.
  • Sari-banaketa Hondakinak Murrizteko Europako Astearen barruan egingo da. Europako Batzordeak sustatutakoa da urteroko ekimen hau, helburu duena aste batez hondakinak murrizteko eta modu jasangarrian kudeatzeari buruzko sentsibilizazio-ekintzak sustatzea eta ezartzea.

 

Azaroaren 17tik 25era bitartean, Hondakinak Murrizteko Europako Astea egiten ari dira Bilbon eta Europa osoan. Horren harira, Europako Batzordeak bultzatu duen aste horretan, etxeko hondakin organikoak birziklatzeko Kaixo Organikoa kanpainarekin bat egin duten Bilboko 8 familia, barruti bakoitzeko bat, saritu nahi izan dira.

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak Udaletxeko Arabiar Aretoan hartu ditu saritutako familiak; sarituak azaroaren 19an La Bolsa Udaltegian egin zen zozketa bidez atera dira. Alkateak SAMSUNG GALAXY TABS2 markako 8 tableta banatu ditu; familiako eta barrutiko bana.

2018an edukiontzi marroia jarri da Bilboko auzo guztietan. Bosgarren edukiontzia 2019rako barruti guztietara hedatzeko konpromisoa hartu zuen Udalak. Konpromisoa bete ez eze, data aurreratu ere egin du. Azarorako gai organikoetarako 1.500 edukiontziak Bilboko kaleetan izango dira. Modu mailakatuan egin da hori.

Gainera, auzo guztietan informazio-kanpaina egin da, herritarrek edukiontzi marroiak nola erabili behar diren eta gai organikoak zelan birziklatu behar diren azaltzeko. Horrela, herritarrak birziklatzera animatu eta gai organikoak birziklatzearen garrantziaz jabearazi nahi ditugu.

Edukiontzi marroiaren kanpainarekin bat egin duten pertsonek dohainik jaso dute gai organikoak egoki birziklatzeko beharrezkoa den materiala: zakarrontzia, poltsa biodegradagarriak, txartel pertsonala eta birzikla daitezkeen produktu guztiak adierazten dituen imana. Gainera, tableta baten zozketan sartu dira, barrutiko bana; gaur banatu dituzte onarpen-sari txiki hauek.

Gaiak bereizita jasoz gero, hobeto aprobetxatzen dira hondakinak, gai organikoa gehiago birziklatzen da, ingurumenerako, ekonomiarako eta osasunerako dituen abantailengatik. Sortutako hondakin guztien % 40 bat gai organikoak dira, hortik gure etxeetan behar bezala bereizteak duen leba. Horretarako jendeak kontzientziatuta egon behar du eta ahalegin handia egiten ari gara edukiontzi berria jartzen den auzoetan informazio-kanpaina trinkoa eginez, zalantzarik ez izateko gai organikoak zelan birziklatzen diren.

Edukiontzi marroia barrutietan zabaldu denetik hainbat izan dira kanpainarekin bat egin duten familiak eta ekoizle handiak (dendak eta ikastetxeak): 2017an 8.852 familia izan ziren eta 2018an, aldiz, 24.405; ekoizle handiak (fruta-denda, ikastetxe eta supermerkatuak), ordea, 358 izan dira 2018an eta gai organikoen bilketak ere % 125 egin du gora urrira arte.

HONDAKINAK MURRIZTEKO EUROPAKO ASTEA

Bilbo Hondakinak Murrizteko Europako Astean (ingelesezko EWWR moduan ere ezaguna) parte hartzen ari da. Europako Batzordeak sustatutakoa da urteroko ekimen hau, helburu duena aste batez hondakinak murrizteko eta modu jasangarrian kudeatzeari buruzko sentsibilizazio-ekintzak sustatzea eta ezartzea.

Hondakinak Murrizteko Europako Astearen leloa “Time to detox!” (desintoxikatzeko garaia) da, eguneroko bizimoduan etxean edo lanlekuan erabiltzen edo ukitzen ditugun gai toxikoen eta arriskutsuen (garbiketa-lanetarako produktuak, brikolajea egitekoak, landarezaintzakoak, inprimatzekoak eta bestelakoak izan daitezke) erabilera murriztu beharra dagoela aipatuz.

Herritarrak Europa mailako ekimen honetara batu daitezen nahi du Bilboko Udalak, gogorarazita “hondakin onena sortzen ez dena” dela. Horregatik, “Birziklatu aitzakia barik” leloaren pean, bost hilabete iraungo duen informazio-kanpaina trinkoa egiten ari gara. Kanpaina hori urriaren 22an hasi zen, birziklatzearen aldeko hainbat ekintzekin. Kanpaina honen helburuak bat datozenez Hondakinak Murrizteko Europako Astearen ardatzetan proposatutakoarekin, alegia, birziklatzea sustatzearekin, Udalak kanpaina hau Hondakinak Murrizteko Europako Sarirako aurkeztu du.

Hondakinak Murrizteko Europako Astearen barruan, kanpaina trinkoaren barruan egiten ari diren lau ekintza hautatu dira Europako Astean eta Europako Sariketan parte hartzeko. Hauek dira:

  1. Kanpaina Bilbobusen markesinetan (lau aste lau goiburu kanpainaren barruan). Europako Astean parte hartzeko azken astea hautatu dugu, azaroaren 13tik 19ra bitartekoa; leloa, “eman beste erabilera bat hondakinei”. Horrela, herritarrak euren eguneroko bizimoduko ekintzen inpaktuaz eta baliabideak ez xahutzeko birziklatzearen garrantziaz jabearazi daitezen nahi du Udalak.
  2. Birziklatu aitzakia barik, bestela garesti ordainduko duzu” ekintza markesinetako informazio-kanpaina (4 aste lau goiburu kanpainaren barruan) indartzeko egin da. Hain zuzen ere, 1.000 binilo jarriko dira gainerako hondakinetarako edukiontzietan (berde iluna), gogorarazteko debekatuta dagoela tresnak eta tamaina handiko gauzak (altzariak, tresnak, telebistak, ordenagailuak, etxeko tresna elektrikoak…) bertan behera kalean uztea, hori ordenantza ez betetzea dela eta isuna dakarrela aipatuz.Binilo horietan informazio hau ipini da: Bilboko Udalak doako zerbitzua duela atarietan jasotzeko herritarrek bota nahi dituzten etxeko tamaina handiko altzariak, tresnak edo gauzak jasotzeko. Nahikoa da 010 telefonora deitu eta hondakina adierazitako egunean eta orduan jaistea (ez sekula utzi edukiontziaren alboan).
  3. Urriaren 23tik azaroaren 21era bitartean beste informazio kanpaina bat egiten ari da kalean, “ikasi zelan birziklatu eta eraman kit hau” goiburupean. Ondo birziklatzeko etxean zer bereizi behar den azaltzeko hitzaldiak noiz eta non emango diren adierazten duten txartelak banatuko dira kalean. Leloa: Birziklatu! Guztira 26 saio egingo dira hondakin-motak bereizten ikasteko, edukiontzi bakoitzean zer bota eta zer ez jakiteko eta horri buruzko zalantzak argitzeko; bide batez, Bilbon hondakinak bereizita jasotzeko dauden baliabideak erabiltzera bultzatu nahi dira herritarrak. Gainera, elkarteen laguntza ere izan dugu, auzoetan erreferente eta dinamizatzaile direlako. Hain zuzen ere, 150 elkarterekin jarri gara harremanetan, bileretarako deia egiteko. Hitzaldiak barrutietako udaltegietan egin dira eta amaitzean, birziklatzeko kit bana eman zaie partaideei.
  4. Ingurumenaren arloko hezkuntza prozesu jarraitua da; gainera, jakinda gaurko ikasleak izango direla hondakinen kudeaketaren biharko arduradunak, Bilboko Udalak kanpaina bat diseinatu du Bilboko ikastetxe guztietako bigarren hezkuntzako 4. mailako eta lanbide heziketako 1. mailako ikasleentzat. Kanpaina hori 2018-2019 ikasturtearen bigarren hiruhilekoan egingo da; guztira, 100 saio izango dira.

Hondakinak Murrizteko Europako Astearen eta Udalak egiten dituen kanpainen helburua da herritarrei erakustea zeintzuk diren eguneroko ekintzen eraginak, birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzea eta baliabideen xahutzea ekiditea.

Martxoan onartu zen “Bilboko Balioen Agiriak”en dagoen balioetako bat ingurumenaren arloko jasangarritasuna da, konpromiso hauekin: “ingurumenaren arloko arazoei buruzko kontzientzia hartzeko ekintzak bultzatzea; kontsumoko ereduak eta bizitzeko moduak aldatzea; gure uriko ekosistemaren inguruko jarrera arduratsuagoa, konprometituagoa eta solidarioagoa; baliabideen erabilera eraginkorrerako irtenbideak bilatzea eta gure urian daukan eragina murriztea”.