Bilboko Eskola Agenda 2030en Ikastetxeen arteko Foroa

Atzo, Bilboko Eskola Agenda 2030en Ikastetxeen arteko Foroa egin zen, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren parte-hartzearekin. Ekitaldia Otxarkoaga-Txurdinagako Udaltegian egin zen eta Bilboko 50 ikastetxetako irakasleek eta ikasleek hartu zuten parte.

Topaketan Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzi ondokoa ere izan zen, eta ikasleek plastikoaren arazoari dagokionez iaz egindako hobekuntza-proposamenei erantzun zien. Bilboko Udala arazo horretan lanean ari da, bere bulegoetan plastikoa murriztuz, herritarren artean birziklatzea sustatuz edo “Itsasoa hemen hasten da” kanpaina sortuz.

Gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko Garapen Jasangarriari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrako Beatriz Fernández De Manuelen “Hiria naturalizatzeak ongizatea eta osasuna ekartzen dizkie pertsonei” izenburua duen hitzaldia entzun eta horri buruzko gogoeta egiteko aukera izan zuten ikasleek.

Azkenik, ikasleek berdeguneei eta Bilbon bizikletan mugitzeko aukerak hobetzeari buruzko proposamen berriak aurkeztu zituzten, eta hurrengo eskola-bilkuran aurkeztuko dira.