Bilboko 55 ikastetxek Eskola Agenda 2030en Udal Foroaren 16. edizioa egin dute

Bilboko Udalak Eskola Agenda 2030en Udal Foroaren 16. edizioa egin zuen atzo, udaletxean. Udal ordezkariak eta Bilboko 55 ikastetxetako irakasle eta ikasleak izan ziren bertan, Bilboko eta bere inguruneko jasangarritasuna hobetzen laguntzeko.

Yolanda Diez alkateordeak zuzendutako osoko bilkuran, Jesus María, Ibarrekolanda BHI, Aldamiz, Fundación Peñascal, Berriotxoa eta Jesuitinas Bilbao ikastetxeetako bozeramaileek 2021-2022 ikasturtean zehar egindako lana azaldu dute. Aurten, Garapen Jasangarriko 11. Helburua, «hiri eta herri jasangarriak», landu dute, Bilboko uriari aplikatuta.

Gainera, Álvaro Pérez Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkari ondokoak galdera bat erantzun du, urian bizikletaren erabilera sustatzeko abian jarritako udal politikei buruz.

Amaitu eta gero, parte-hartzaile guztiak Arabiar Aretoan bildu dira, Otxarkoaga Prestakuntza Zentroko «Percusión Konfussion» taldearen musika-emanaldiaz gozatzeko. Ikastetxeek egindako lanetako batzuk ere ikusi ahal izan dituzte. Adibidez: eskola-ortu bat, edo material birziklatuekin egindako jantzi bat.

Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egiten du Ingurugela-Bilbaoren bitartez, Eskola Agenda 2030 dinamizatzeko, helburu hauekin:

  • XXI. mendeko pertsona arduratsu eta konprometituak prestatzea.
  • Ikastetxearen eta eskola-ingurunearen ingurumen-hobekuntzan laguntzea.
  • Hezkuntzaren berrikuntza eta kalitatea bultzatzea.
  • Hezkuntza-komunitateak (ikastetxeetako ikasleak, irakasleak, familiak eta irakasleak ez diren langileak) udal kudeaketan parte hartzea sustatzea.

Programa horrek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesa dauka.

Eskola Agenda 21eko osoko bilkura 2004-2005 ikasturtean egin zen lehen aldiz Bilboko Udalean. Orduz geroztik, hitzordu finkoa da, Ingurumenaren Mundu Egunaren inguruan antolatzen dena (ekainaren 5ean, domeka, ospatuko da).