BILBOK SARIRIK HANDIENA JASO DU PAPERA ETA KARTOIA BIKAINTASUNEZ JASOTZEAGATIK, “HIRU TXIMELETA-BEGIZTA URDINAK” HAIN ZUZEN

  • Asier Abaunzak jaso du gaur saria Madrilen, Trantsizio Ekologikorako Ministro Teresa Ribera buru izan duen ekitaldi batean.
  • Begizta Urdinak programak urtero-urtero aitortzen du papera eta kartoia bereizita biltzeko udal-kudeaketaren bikaintasuna eta kudeaketa hori etengabe hobetzeko ahalegina, begizta urdinen sariaren bidez.
  • Paper-ore, Paper eta Kartoiaren Espainiako Fabrikatzaileen Elkarteak esleitzen dituen sari hauek hirugarren aldia dute honako hau. Aurreko bi aldietan ere jasoa zuen Bilboko Udalak sari bat, baina paperezko bi begizta, begizta urdinak beharrean.
  • Bilbon, 1.427 edukiontzi daude papera eta kartoia biltzeko. 2018an, 24.539,86 tona paper eta kartoi-hondakin bildu ziren guztira, 2017an baino % 10,91 gehiago. Kopuru horretatik, 12.384.860 tona udal zirkuituari dagozkio.

 

Bilboko Udalak gaur jaso du saririk handiena “tximeleta-begizta urdinak” sarietan, papera eta kartoia bereizita biltzeko orduan izan duen bikaintasunagatik; saria ASPAPEL elkarteak antolatzen eta esleitzen du, Paper-ore, Paper eta Kartoiaren Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak.

Asier Abaunza Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotzi ordezkaria izan da Madrilera saria jasotzera joateko ardura izan duena; saria Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako Ministroaren eskutik jaso du.

Begizta Urdinak programak urtero-urtero aitortzen du papera eta kartoia bereizita biltzeko udal-kudeaketaren bikaintasuna eta kudeaketa hori etengabe hobetzeko ahalegina, tximeleta-begizta urdinen sariaren bidez. Urtero-urtero papera eta kartoia bereizita biltzeko kudeaketan bikaintasun handia erdiesten duten udalek ezagutza berezia jasotzen dute orain, baremo objektibo baten bidez, eta, hala, begizta bat, bi edo hiru jaso ahal dituzte. Behin urte batean tximeleta-begiztak lortuta, hurrengo urteetan horiei eutsi, kopurua handitu edo paper-txoriak gal ditzakete udalek.

Hirugarren aldi honetan, 40 toki-erakundek jaso dute saria, Bilbok ere bai, hiru tximeleta-begizta urdin esleitu baitzaizkio, saririk handiena. Aurreko bi aldietan, Bilbok ere jaso zuen saria, bi tximeleta-begizta urdin, hain zuzen. Aurten, Bilbok, saririk handiena lortu du, eta, hala, papera eta kartoia bereizita biltzean izan duen bikaintasuna sariztatu diote.

Bilbok alderdi hauetan lortu ditu puntuaziorik handienak:

  • Edukiontziratzea: Edukiontzi-kopurua: Emandako zerbitzuaren kalitatea, edukiontzi lerroen garbitasuna eta kokapena.
  • Saltokietan egiten den “atez ateko” bilketa osagarria: Maiztasuna, “gai ezegokirik” ez izatea, eta abar).
  • Ekarpen-tasa (35,81 kg/biztanle eta urteko).
  • Hondakinaren trazabilitatea eta hondakinaren kalitatearen kontrola.

Bilboko Udalak, orain, xedetzat ezarri du papera eta kartoia biltzeko orduan ez dadila izan material ezegokirik, eta materiala uzteko orduan, tolestuta uztea edukiontzian.

Tximeleta-begizta urdinen programa urtero-urteroko programa bat da, Udalek papera eta kartoia bereizita biltzeko daroaten kudeaketan aholkatzeko, ebaluatzeko eta kudeaketaren kalitatea ezagutzeko xedea duena, eta etengabeko hobekuntzan jartzen duena arreta.

Programa horrek European Papera Recycling Award 2017 ezagutza lortu zuen. Bi urteroko sari ospetsu hori European Paper Recycling Council erakundeak antolatzen du, eta programan parte hartzen duten udalen eta haien herritarren lanarengatik eta konpromisoarengatik ezagutza agertzea du xede.

Bilboko Udala izan da ezagutza agertu zaion 40 toki-erakundeetako bat, eta hiru tximeleta-begizta urdin lortu ditu, saririk handiena. Bilbok ez ezik, beste udal hauek ere lortu dute saria: Bartzelona, Lleida, Cádiz, Burgos, Ciudad Real, Fuenlabrada, León, Logroño, Soria, Gasteiz, Getafe, Sant Boi de Llobregat, Huesca, Menorca eta Iruñeko, mendebaldeko Costa del Soleko edo San Marcoseko mankomunitateek.

Saria lortu duten gainerako udal eta udal-taldeak, hau da, begizta bi eta bakarra lortu dutenak, Katalunia, Andaluzia, Asturias, Gaztela eta Leon, Galizia, Balear Uharte, Madrilgo Erkidego eta Gaztela Mantxakoak dira.

Bilbon, gaur egun, 1.427 edukiontzi daude papera eta kartoia biltzeko. 2018an, 24.539,86 tona paper eta kartoi-hondakin bildu ziren, 2017an baino % 10,91 gehiago. Guztizko kopuru horretatik, 12.384.860 tona udal zirkuituari dagozkio (10.963,44 tona edukiontzian. eta 1.421,42 tona saltokietan).

Datu horiek erakusten dute garbiketa zerbitzuak eta hondakinak biltzekoak zenbat bildu duten; horri eragile pribatuek bildutakoa gehitu behar zaio, zenbait puntu gehiago, beraz.

Papera, zalantzarik gabe, egunero-egunero baliatzen dugu. Eta horregatik da baitezpadakoa birziklatzea, berreskuratu ahal izateko eta berriro baliatu ahal izateko, beste produktu bat bihurturik.

Birziklatuz, gutxitu egiten da, nabarmen, kontsumitutako energia, % 40 eta % 64 inguru, hain zuzen, pasta birziklatu gabearekin fabrikatzen denekoarekin alderatuz. Gainera, papera birziklatuz gutxitu egiten da orobat kutsadura: % 35 gutxiago kutsatzen da ura, eta % 74 gutxiago airea.