BILBOBUSEK, 2020AREN HASIERAN, BERE FLOTAREN EHUNEKO 28A BERRIA ETA JASANGARRIAGOA IZANGO DU

  • Bilbobusek, gaurtik aurrera, 17 ibilgailu berri edukiko ditu bere autobus flotan: 15 hibrido eta 2 elektriko.
  • Lehenengo ibilgailu elektrikoak 2016an eta lehenengo hibridoak 2018an sartu zituen Udalak, Bilbobusen flota eraginkorrago eta jasangarriago bihurtzeko asmoz.
  • Azken 4 urtean, ezaugarri hauek dituzten 40 autobus berri eskuratu ditu Bilbobusek bere flotarako: 32 hibrido eta 8 elektriko.

Bilbobusek 2020. urtearen hasieran flotaren % 28a berriztatuta edukiko du, ibilgailu eraginkor eta jasangarriekin. Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak 17 ibilgailu berri aurkeztu ditu gaur, haietako 15 hibridoak eta beste 2 elektrikoak. Autokar berri hauei, zeintzuetan Udalak 5,3 milioi euro inbertitu dituen, beste 15ak gehitu behar dizkiegu, irailean aurkeztu genituenak, baita aurreko urteetan erositakoak ere.

15 ibilgailu hibrido hauek Mercedes Benzek fabrikatu ditu: Citaro-Hybrid Euro VI modelokoak dira. Bestalde, 2 ibilgailu elektrikoak Solaris Urbino 12 ibilgailuak dira.

Erosketa hauekin, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak beste urrats bat eman du hiri barruko mugikortasun jasangarriaren aldeko itunean jasotako konpromisoak betetzeko bidean eta herritarren ongizatea hiri garapenaren erdian jartzen. Izan ere, Bilbobusen flotaren % 28 baino gehiago berriztatu da, 40 unitate berrirekin (zerbitzuan 141 daude guztira).

Erosketa horien bidez, “mugikortasun-arloko politikak herritarren osasuna eta bizimoduaren kalitatea hobetzera orientatzen jarraitzen dugu eta beste urrats bat ematen dugu ibilgailu publiko eta pribatuetan “zero emisioko” alternatibak hartzeko, partikula kutsakorrak eta CO2 isurtzea gutxitu nahian”, adierazi du Alfonso Gilek, alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak.
Hain zuzen ere, “hastera doan urtea garrantzitsua da zentzu horretan, flota berriztatzen jarraituko baitugu”, esan du.

Ibilgailu berrietako 11k 12 metroko luzera dute eta 3 ate dauzkate, eskailera-mailarik gabe hirugarren atean. Beste seiak 10,5 metro luze dira. Autobusak Kale Nagusian aurkeztu dira. Guztiek betetzen dituzte Bilbobusen ibilgailu modernoenen irisgarritasun-baldintzak. Gainerako ibilgailuen itxura berdina dute; ezberdintasun bakarra motorra da.

Bi ibilgailuok, elektrikoak eta hibridoak, “Bus of the Year” saria jaso dute 2017 eta 2019. urteetan, hurrenez hurren.

Ibilgailu hibridoen funtzionamendua

Ibilgailu hibridoen oinarrizko funtzionamendua oso erraza da. Autobusak abiadura gutxitzen duen bakoitzean, motor elektrikoak energia sorgailu baten gisa lan egiten du, balaztatzeko energia korronte elektriko bihurtuz. Korronte hori baterian gordetzen da, eta motor elektrikoa hornitzen berarekin, errekuntzako motorraren lanari laguntzeko zenbait egoeratan, batez ere abiatzean.

Ibilgailu berri hauetan, motor elektrikoak lagundu egiten dio errekuntza motorrari, batik bat potentzia eskaria handiagoa denean, eta batez ere ibilgailua abiaraztean.

Ibilgailu hibridoek superkondentsadoreak dauzkate, energia bilgailu gisa erabiltzen direnak berreskuratze moduluan, eta, hala, energia aprobetxatzen laguntzen dute, eta emisioak gutxitzen ondorioz. Muntatzeko behar den espazioa txikia da, eta, beraz, ez da galtzen bidaiarientzako eserlekurik barnean.

15 ibilgailu berri hauekin, Bilbobusek 32 ibilgailu hibrido dauzka 141 unitateko flotan. Kopuru horrek gora egiten jarraituko du, modu mailakatuan.

Elektrikoak

Solaris Urbino 12 electric ibilgailuak hiri barruko autobusak dira, beheko pisu integralarekin, % 100ean elektrikoak, bai ibilgailuaren trakziorako, bai zerbitzu osagarri guztietarako. Solaris Urbino ibilgailuen familia guztiaren ezaugarri bat aurreko haizetakoaren lerro oker bat da. Horri esker, ibilgailuaren eskuineko espaloia hobeto ikusten da eta autobus geltokietan zain dauden bidaiarien segurtasuna hobetzen da. Diseinu modernoko autobusak dira, luze irauten dutenak, mantentzeko errazak, irisgarritasun handikoak eta, noski, elektrikoak direnez gero, ingurumena errespetatzen dute.

Autobusen barrualdea zabala da; horrek irisgarritasuna mesedetzen du. Autobusek beheko pisu integrala daukate eta kanpoaldetik sartzea ahalbidetzen dute. Gainera, bidaiariei barruan mugitzea errazten diete. Ez dago eskailera-mailarik ibilgailuaren sarreran ez barruko pasilloetan.

Bi ibilgailu berri hauekin, Bilbobusek 8 ibilgailu elektriko dauzka bere 141 unitateko flotan.

Irisgarritasuna

Bilboko Udala lanean ari da uria irisgarriagoa izan dadin uritar guztientzat. Bilbobusen autobus berriak gidatze optiko-akustikoko sistema batez horniturik daude, eta, berari esker, aiseago izango dute autobusera sartzea itsuek nahiz entzumen urritasuna dutenek. Horrez gain, sistemak badauzka ohartarazpen argi batzuk aurreko atean eta bidaia txartelak emateko eta balioztatzeko makinaren pean. Autobusek, orobat, badituzte Braillez idatzitako sakagailuak eta entzunezko eta ikusizko ohartarazle bat “geraldia eskatua” eta “arrapala eskatua” errotuluekin (euskaraz nahiz gaztelaniaz).

Era berean, Bilbobus berriak mugikortasun urrituko pertsonentzat egokituta daude. Kneeling edo belaunikatzeko sistemak dauzkate, errazago igotzeko, eta, ate nagusian, Hübner arrapala elektrikoa eta haren gaineko eskuzko arrapala ere bai, LED bandarekin, mugikortasun urritua izanik gurpil aulkian doazen pertsonentzat. Gainera, autobusek badauzkate 2 gune gurpil aulkientzat iraunkorki gordeak. Gune horiek norakoari bizkarra emanez kokatuta daude, eta badituzte, orobat, ainguraketa gailuak, bermatzeko ohola, alboetako bermalekuak, segurtasun uhalak eta kanpoko eta barneko sakagailuak. Xede nagusia da, Uriko pertsona guztien mugikortasuna hobetzeaz gainera, Bilbobus garraio sistema seguru eta irisgarria izan dadila.

Bilbobus berriek pantailak dituzte barruan, bidaiariei multimediako edukia, helmugari eta geralekuei buruzko informazioa eta mezuak emateko. Bilbobus berriek badituzte, orobat, bina gailu 2 telefono mugikor edo tableta aldi berean kargatzeko, bakoitza bina USB atakarekin. Bidaiariak, beraz, ez du USB kable bat eraman eta gailu horretan lotu baino; gainera, ohiko entxufeek baino lasterrago kargatzen dute.