Babesleku klimatikoak Bilbon

Klima-aldaketaren ondoriozko bero-boladak areagotu egingo dira datozen urteotan, Espainian. Santiago de Compostelako eta Vigoko unibertsitateen ikerlan batek aurreikusten du bero-bolada horien intentsitatea % 104 haziko dela datozen urteotan (2021-2050), Iberiar Penintsula osoan.

Muturreko beroa dela eta, hiriak «bero-irla» bihurtzen dira —hormigoi eta zoladura gero eta gehiago dagoelako, berdegune eta naturaguneen kaltetan—. Eta, horren guztiaren eraginez, eremu urbanoetan tenperatura altuak egoten dira, norbanako askoren osasuna eta bizia arriskuan jar ditzaketenak.

Zentzu horretan, hirietan klima-aldaketari aurre egiteko neurri bat dira babesleku klimatikoak: gero eta sarriago ematen diren bero-boladetatik babesteko egokitutako guneak. Eguraldiaren gorabehera horiek gero eta gehiagotan ematen direnez, udalek «babesleku klimatikoak» sortzearen aldeko apustua egin dute, egoera zaurgarrienean dauden herritarrek bertan babes hartu, eta bero-kolpeak ekidin ditzaten (gorakoak, palpitazioak, kontzientzia galtzea eta, areago, heriotza ere eragin ahal dizkiete, haur eta adinekoei).

Washingtoneko Unibertsitatearen ikerketa batek dio 356.000 lagun baino gehiago hil zirela 2019an, bero-boladen ondoriozko gaitzengatik (batez ere, bihotz-arnasetako gaixotasunak eta gaixotasun metabolikoak).

Horri aurre egiteko eta muturreko beroak herritarren osasunari dakarzkion ondorio txarrak leuntzeko, Bilboko Udalak babesleku klimatikoen sarea antolatu du, 130 espazioz osatua (64, barrualdeetan, eta 66, kanpoaldean). Herritarrek eremu horiek erabil ditzakete muturreko beroaren ondorioak jasateko. Babesleku horiek behar bezala identifikatuta daude, uri osoan zehar. 130 babesleku klimatikoen kokapen zehatza ezagutarazteko, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak mapa batzuk argitaratu ditu, babeslekuen kokapenarekin.

Álvaro Pérez Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ondokoak aurkezpen ekitaldian azaldu duenez, babesleku klimatiko horiek «pertsona guztiek erabil ditzaketen guneak dira, berorik handieneko orduetan bertan egoteko, atseden hartzeko eta freskatzeko, bero handiak beren organismoei eragiten dizkien ondorioak leunduz». Duela gutxi bizi izan ditugunen moduko tenperatura handiko gertakarien aurrean, «babes klimatikoen sare hau jarri dugu martxan, herritarren babesa bermatzeko; bereziki, zaurgarrienena», azaldu du.

Gomendagarria da tenperatura handiak izaten diren egunetan babeslekuok erabiltzea. Bereziki egokiak dira pertsona zaurgarrientzat —esaterako, umeak, adinekoak eta arnas aparatuko eritasunak dauzkaten pertsonak—. Alabaina, azpimarratu beharra dago babesleku klimatikoak ez direla osasun-arreta jasotzeko tokiak. Kasu horretan, dagokion osasun-zentrora joan behar da.

Muturreko beroa dagoenean eremu horiek erabiltzea gomendatzeaz gain, egunean 1-1,5 litro ur edatea, elikagai arinak hartzea, eguzkiak gogorren jotzen duen orduak ekiditea eta burua babestea ere aholkatzen da, besteak beste.