MASKOTARIK OSPETSUENA, BAINA ESPEZIE EXOTIKO INBADITZAILE HANDIA

Seguru asko ezagutzen duzu norbait dortoka txiki bat daukana, buruaren alde bietan dituen zerrenda gorrietatik ezagutzen den horietakoa. Floridako apoarmatua edo belarri gorriekiko dortoka deritzo. Eta post-aren lerroburuan esan dugunez, animalia txiki hori espezie inbaditzaile bat bihurtu da hamarraldi gutxi batzuetan.

Animalia hori Ameriketakoa da jatorriz; aurkikuntza handia izan zen, batez ere umeentzat. Eta, hala izan zen, animalia txikitxo bat zelako, ia-ia zaindu beharrik ere ez zeukana, eta, gainera, merkea. Baina hazten denean, oldarkorragoa ere bihurtzen da, eta oso luzaroan bizi izaten da (30-40 urte). Eta, hala, hazten zirenean, familia askok eta askok erabakitzen zuten animalia horiek ibaietan, zingiretan, eta beste leku batzuetan askatzea, ustez eta mesede bat egiten zietela.

Urteekin, espezie inbaditzaile bat bihurtu da, penintsulako ingurumena ere mehatxatzen duena. Belarri gorriekiko dortoka Espainiako bertako dortoka autoktonoak baino askoz handiagoa da (Espainiakoari apoarmatu korrontezale deritzo), eta, gainera, haien jatekoa bereganatzeaz landara, lekurik onenak ere bereganatzen ditu eguzkitan egoteko (beharrezkoa du zirkulazioa bizkortzeko). Jatunagoak dira, eta igelen arrautzak ere jaten dituzte, eta anfibio horien gutxitzea eragiten dute. Azken batean, dortoka autoktonoei zaildu egiten diete bizirik irautea.

Espezie exotiko inbaditzaileek, izan ere, eragin dezakete beste espezie batzuk haien berezko habitatetik iraungitzea (direla animaliak, landareak edo beste). Era berean, eritasunak kutsatu ahal dizkiete pertsonei, edo, are, uztak galtzea ere eragin dezakete, eta kalte ekonomikoak ekarri. NBEko adituen arabera, espezie exotiko inbaditzaileak dira munduan biodibertsitatearen galera eragiten duen bigarren kausa.

Zer da espezie inbaditzaile bat? Batzuetan, merkataritzarekin edo gizakien beste jarduera batzuekin, animalia- edo landare-espezieak haien natur ingurutik kanpora eroaten dira. Eta, han, beste habitat batean sarrarazten, eta erabat egokitzen, baina espezie autoktonoen lekua hartuz. Horrek haien oreka naturala hausten du, eta orduan aipatzen ditugu espezie inbaditzailetzat.