LURRAREN EGUNA

Bihar, apirilak 22, Lurraren Eguna ospatuko dugu (Nazio Batuen Erakundeak izendatu zuen, 2009an). Egun horren xedea da herritarrak kontzientziatzea ingurumena eta biodibertsitatea zaintzeak duen garrantziari buruz. Hauxe izango da ekitaldi honetako leloa: «Inbertitu gure planetan». Aurtengoan, gainera, lortu nahi da Lurraren Eguna inoizko handiena izatea; eta horregatik, hain zuzen ere, leloa gobernuei, enpresei eta herritarrei zuzenduta dago, ahalegindu daitezen planeta berde eta jasangarria lortzen, eta bermatu dezaten lurra jasangarria izatea etorkizuneko belaunaldientzat ere. Horrekin guztiarekin batera, ekonomiak ere berdea izan behar du, eta planeta errespetatuko duten ekintzak bultzatu.

Noiz hasi zen dena?

1968an, AEBetako Osasun Publikoko Zerbitzuak Giza Ekologiaren Kongresua antolatu zuen, helburu batekin: ikasleek zientzialariak entzun zitzatela, ingurumena HONDATZEAK giza osasunean zituen ondorioei buruz hizketan.

1970ean, Gaylord Nelson senatari eta ingurumen-ekintzaile estatubatuarrak proposatu zuen Ingurumen Agentzia bat sortzea, eta manifestazio erraldoia egin zuten, milioika pertsonarekin (unibertsitate-mundukoak, eskola publikoetakoak, komunitateetakoak eta abar). Manifestazioak eragindako presio sozialaren ondorioz, AEBetako gobernuak Ingurumena Zaintzeko Agentzia sortu, eta ingurumena babesteko legeak egin zituen.

1972an, ingurumenari buruzko nazioarteko lehen konferentzia egin zuten, Stockholmeko Lurraren Gailurra, munduko liderrak ingurumen-arazoei buruz sentsibilizatzeko.

Era berean, Nazio Batuen Erakundeak aitortu zuen naturarekiko eta Lurrarekiko harmonia sustatu behar zela, orainaldiko eta etorkizuneko belaunaldien beharrizan ekonomiko eta sozialen, eta ingurumenaren beharrizanen arteko oreka lortu ahal izateko.

Egunero da Lurraren Eguna!