ERLEENTZAKO TXERTOA

Badakigu erleak desagertzen ari direla. Desagertze hori giza jarduerari, nekazaritza intentsiboari eta pestizidei lotuta dago, baina birusen erasoekin, patogenoekin eta espezie inbaditzaileekin ere zerikusia dauka (akaro espezieren bat, liztor asiarra, etab.). Horrez gain, ingurumen-aldaketek negatiboki eragiten diete erleei. Kezkagarria da erleak desagertzea: hainbat landare-espeziek ezin ugaltzea edo ugalketa hori eragoztea ekar dezake, eta, horrek, biodibertsitatea galtzea, eta, ondorioz, ekosistemak desorekatzea eragin ahal du.

Loke amerikarra Europako erle arruntari (Apis mellifera) eragiten dion gaixotasuna da. Esporak sortzen dituen bakterio batek eragiten du (Paenibacillus larvae delakoak), eta erle helduek larba gazteei jateko ematen dietenaren bidez zabaltzen da. Bakterio horrek oso ondo jasaten ditu lehorketa, desinfektatzaile kimikoak eta tenperatura altuak. Oso gaixotasun latz eta kutsakorra da, eta 30 urte baino gehiago egon daiteke aktibo. Izan ere, erlauntzen erdietan baino gehiagotan daude esporak. Gauzak horrela, ingurumenerako garrantzitsuenetakoa den intsektu bati eragiten dion gaixotasun hori prebenitzeko txerto bat onartu dute AEBetan.  Erle gazteen guruinek jariatutako substantziarekin nahastuta ematen zaie, erle erreginaren elikagaia den erregina-jelearekin. Erreginak elikagaia irensten du, txertoa bere obarioetara heltzen da, eta, hala, garatze-prozesuan dauden larbak immunizatu egiten dira.