Egin gertuko turismoa eta ezagutu zeure ingurunea, erantzukizunez
Itsasoa, mendia eta haranak dira gure paisaiaren eta historiaren protagonista: Gaztelugatxe, Zumaiako Geoparkea, Gorbeiako parke naturala. Denak ere leku ederrak, gertuko esperientzia eskuragarriak eskaintzen dizkigutenak.
Euskadiko Natura 2000 Sarean 55 espazio daude, Europako Natura 2000 Sarean integraturik. Europako sareak, guztira, babestutako 27.000 espazio baino gehiago dauzka. Gure 55 naturguneak 1.500 kilometro karratuko azalera bat hartzen dute, gutxi gorabehera, hau da, lurralde osoaren % 20 inguru. Espazio horietan hainbat ekosistema mota aurkituko ditugu: itsasoa, basoak, padurak, ibaiak, zohikaztegiak, trokak, …
Bisitatu eta zaindu babestutako naturguneak, zeintzuk balio ekologiko handiko lekuak eta espezieak jagoteko sortu baitziren. Euskadiko Ekoetxea sareak (Txingudiko Ekoetxea, Azpeitiako Ekoetxea, Urdaibai Ekoetxea eta Peñas Negraseko Ekoetxea) gure inguruneko biodibertsitatea eta kultur ondarea ezagutzeko eta turismo arduratsua sortzeko klabeak eskaintzen dizkigu.
Turismoak gozamena eskaintzen digu eta destinoetan aberastasuna sortzen du. Baina kaltegarria ere izan daiteke, baldin eta irizpide jasangarriekin ez bada garatzen.
Gainera, oporretan zoazen tokiko produktu naturalak kontsumitzen badituzu, tokiko artisautza erosten baduzu edo eskualdeko gastronomiaz gozatzen baduzu, tokiko ekonomiak bultzatzen laguntzen duzu.
Eta dena hementxe bertan, etxetik hurbil.