Udalak sentsibilizazio kanpaina sustatu du plastikoaren erabilera murrizteko eta klima aldaketaren aurkako bulego birtuala abiarazi du
Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin bat, Bilboko Udalak sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi du, “Menos plástico=Más vida/ Plastiko gutxiago=Bizitza Gehiago“, plastikoaren kontsumoa murrizteko helburuarekin, plastikoak herritarren eta, oro har, planetaren osasunean ondorio makurrak dituelako.
Gainera, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak webgune bat jarri du abian klima aldaketari eta beraren ondorioei buruzko informazioa jasoko duena. Tresna berri hori klima aldaketaren aurkako Bilboko bulego birtuala izango da: kontsumo ohitura eta jokabide batzuk aldatu beharrari buruzko jarraibideak emango zaizkie herritarrei, horrela gutxiago kutsatu, bizimoduaren kalitatea hobetu eta ingurumena zainduko baitute.
“#Plastikoaren kutsadurarik ez. Baztertu berrerabili ezin duzuna” da Alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkari Alfonso Gil jaunak aurkeztu duen sentsibilizazio-kanpainako mezuetako bat. Bide batez, ohartarazi du ezinbestekoa dela arazoaz jabetzea eta horren arabera jardutea; izan ere, adituen ustez, hamar urte barru gure ozeanoetan arrainetan egongo den hiru kilo bakoitzeko kilo bat plastiko egongo da. Bereziki kezkatzekoak dira mikroplastikoak, 5 milimetroko diametroa duten partikula txikiak dira eta arrainek jan egin ditzakete; hortaz, plastikoa berriro ere sartzen da elikadura-katean.
Gilek gehitu du ez dela ahaztu behar gure ibaiertzetan eta hondartzetan dagoen zabor gehiena itsasora doala. Izan ere, iaz ibaian bildu ziren zabor-mota gehienak janari-bilkariak, plastikozko poltsak eta botilak, sokak eta latak izan ziren. Beste datu esanguratsu bat: iazko Aste Nagusian 5,5, tona hondakin batu ziren ibaitik, batez ere plastikoak, edalontziak, kartoiak eta baita edukiontziak ere.
Udalaren sentsibilizazio-kanpainaren barruan, Bilboko autobusetan errotuluak jartzea aurreikusi da, plastikorik gabeko planetan bizitzeko gonbitea egiten duten mezuekin. Hau izango da bilbobusetan jarriko den slogana: “Plastiko gutxiago=Bizitza Gehiago/ Murriztu plastikoaren erabilera eta birziklatu erabiltzen duzuna, eguneroko bizimoduan ahalik eta gutxien erabili”.
Kanpainaren bidez animatu nahi gaituzte plastikozko ontzirik ez erabiltzera, bilkari gehiegi duen produkturik ez eskuratzera, berrerabiltzekoak ez diren eta osasunerako seguruak ez diren ontziak baztertzera eta plastikozko poltsak ez erabiltzera. Plastikozko ontziak birziklatzearen garrantziaz jabearazteaz gain, ontziratu gabe edo soltean saltzen diren produktuen kontsumoa ere sustatu nahi da.
KLIMA ALDAKETAREN AURKAKO BILBOKO BULEGO BIRTUALA
Udalaren web orri berri bat da lan ataletan banatuta. Lehenengoan, klima aldaketa zer den eta eguneroko bizimoduan zer-nolako eragina duen azaltzen da. Bigarren atalean klima aldaketaren aurka Udaleko sailek egingo dituzten ekintzak ageri dira.
Hirugarren atalean, klima aldaketaren ondorioen aurka borrokatzeko Udalak herritarren eskura jartzen dituen baliabideak, aholkuak eta gomendioak daude; laugarrenean, ordea, jasangarritasunarekin, ingurumenarekin eta klima aldaketarekin lotuta Udalak sustatzen dituen jarduerei buruzko albisteak jasotzen dira. Horrez gain, Udalaren webgune berrian, ingurumenaren arloko bulego birtuala dena, bestelako informazioa ere badago eskuragarri: sare sozialak, zalantzak argitzeko kontsulta-formularioak eta lotura interesgarriak.
INGURUMENAREN NAZIOARTEKO EGUNA 1974TIK
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna gero eta garrantzitsuagoa da 1974an hasi zenetik. Aurtengo leloa “Elkarrekin plastikoaren borroka irabaziko dugu: #Plastikoaren kutsadurarik ez” da, mundu osoko herritarrei dei eginez zentzuz eta planetaren osasunaren alde jardun dezaten. Aurten India izango da anfitrioia eta han egingo dira Ingurumenaren Nazioarteko Eguneko ekitaldi ofizialak. “Plastikoaren kutsadurarik ez” leloaren pean, munduko herritar guztiei dei egiten zaie planetaren alde jardun dezaten.
NBE erakundeak emandako datuen arabera, urtero 500 mila milioi plastikozko poltsa erabiltzen dira munduan, 8 tona plastiko botatzen dira ozeanoetara eta horrek itsasoko bizitza eta gizakiarena mehatxatu eta ekosistema naturalak suntsitzen ditu. Minutu oro milioi bat plastikozko botila erosten dira munduan eta ur-botilak egiteko 17 milioi petrolio-kupel ekoizten dira urtero.
BILBOBUS
Gaurtik aurrera Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak, Bilbobus, CIMUBISA eta Bizkaiko Imatek enpresarekin elkarlanean, esperientzia aitzindaria jarriko du abian, uriko airearen kalitateari buruzko datuak denbora errealean jasotzeko.
Datuok (NO2, Ozonoa, C6H6, hauts esekia) Bilboko kaleetan zehar dabiltzan Bilbobusen sei unitatetan jarritako ingurumen-sentsore batzuei esker lortuko dira.
Merkatu nazionalean ez dago pareko zehaztasunik duen antzeko sistemarik; hortaz, Bilbok erreferentzia izaten jarraitzen du Smart Citietan oinarritutako teknologietan.
Erabiliko diren 6 gas-sentsoreek airearen kalitaterako 2008/50/EC Europako Zuzentaraua betetzen dute eta A7, 13, 56, 62, 72 eta 88 lineetako sei autobusetan daude jarrita.