URTE BERRIKO ASMOETAN INGURUMEN-IKUSPEGIA TXERTATZEA 2025 JASANGARRIAGO BAT IZATEKO

Zehaztu duzue aurtengo urte berriko asmoen zerrendarik? Baietz erantzun duzuenon artean, ba al duzue asmo jasangarririk?

Urte berriko asmoak klasiko bat dira, baina, denborak aurrera egin ahala, ahaztu egiten zaizkigu. Halakorik gerta ez dakigun, gako hauek erabili ahal ditugu urteko asmo onak definitzeko:

  1. Zehatzak izatea: Helburuak zelan jorratu zehaztu behar dugu, xehetasun eta guzti.
  2. Errealistak izatea: Helburuek bete ahal ditugun muga batzuen barruan egon behar dute.
  3. Pazientzia izatea: Behin lanari ekinda, litekeena da emaitzak berehala ez ikustea.

Ez dugu ahaztu behar gure bizimoduak eragina duela gure inguruan, eta, beraz, geure burua zainduta, ingurumena ere zaintzen dugula. Eta hori, zelan? Bada, geure onuran pentsatuz aukeratu dugun helburu bakoitzean ingurumen-ikuspegia txertatuta.

Eta zelan lortu dezakegu hori?

Hasteko, ulertu behar dugu zer-nolako lotura dugun gure inguruarekin eta zer-nolako inpaktua dugun harengan. Urte berriko asmoak motaka sailkatuko bagenitu, honela egin genezake:

  1. a) Norberarenak: Helburu horietan, onuradun bakarra, a priori, gu geu gara. Adibidez, bizi-ohitura osasungarriak, argaltzea, gehiago ikastea, ariketa fisikoa egitea, etab.
  2. b) Globalak: Guztion onura dute helmuga. Izan ere, badakigu gure ekintzek gure inguruan eragiten dutela, bai pertsonengan, bai ingurumenean. Oro har, multzo honetan sartzen dira helburu jasangarriak; adibidez, kutsadura murriztea, hondakinak minimizatzea, baliabideak aurreztea eta ekosistemak babestea, kontsumo arduratsua, etab.

Azalpen horrekin, heldu da ezagutza hori praktikan jartzeko momentua. Lau urrats baino ez dituzue beharko zerrenda azkar batean erraz sortzeko:

1. Egin urte berrirako asmo INDIBIDUALISTEN zerrenda bat, zuongan eragin positiboa izango duena.

  1. Zerrenda horretatik, zuon ustez, zenbat helburu aplika daitezke GLOBALKI edo zenbatek dute eragin positiboa zuen inguruan eta ingurumenean?
  2. Zelan egokitu ahal dira asmo INDIBIDUALISTA horiek globalago izan daitezen?
  3. Azaldu zelan jorratuko zenituzketen helburuak.

Adibide hau hartu ahal duzue oinarri gisa:

  1. 2025ean modu osasungarriagoan elikatzea, osasuntsuago egoteko (helburu indibiduala)
  2. Nire kontsumo-ohiturek nire ingurunean duten eraginaz kontzientzia hartzea. Nola?

– Non eta Zer erosten dut? Azalera handietan erositako elikagai aurrekozinatuak edo janari bizkorrak ez dira osasuntsuak izaten, hondakin gehiago sortzen dituzte eta karbono-aztarnak handiagoa eragiten dute.

– Alde handia dago plastikozko erretiluetan ontziratutako fruta erostearen eta fruta norberak pisatzearen artean. Horrela, fruta gehiago jango dut, eta, aldi berean, inpaktu txikiagoa sortu.

– Opilgintzako gutizia txikirik? Hobe da okindegira joatea. Bertan, laberatu berri diren produktuak izango ditut, eta opil horiek gehigarri eta kontserbagarri gutxiago izango dituzte. Gainera, paperezko bilgarrian eman ohi dituztenez opilak, ez dut beharrezkoa ez den plastikorik erabiliko.

Adibide horrekin, onura pertsonala duen helburu bakar batek, elikadura osasungarriak, eragina du gure inguruan, eta gauzak nola egiten ditugun aukeratzeko erantzukizuna ematen digu.

Eta zuok, nola hobetuko duzue zuen bizitza eta, bide batez, mundua?