
San Valentin jasangarria: Ospatu maitasuna planetari kalterik egin gabe
San Valentin aitzakia ezin hobea da maitasuna erakusteko, baina zer iruditzen zaizu aurten modu kontzienteagoan egiten badugu? Plastikoz bildutako loreak, txokolateak eta opariak neurriz kanpo kontsumitzeak ingurumen-inpaktu handia eragiten du. Hona hemen ideia batzuk egun hori planetarekin modu arduratsuan jokatuz ospatzeko, erromantizismoari uko egin gabe eta originaltasun gehixeagorekin.
- Opariak zentzuz eta jasangarritasunarekin
Aukeratu opari ez-materialak, esaterako etxeko afari berezi bat, naturan piknik bat edo jarduera bat elkarrekin. Edozein objektu baino gogoangarriagoak izan daitezke.
Egizu zuk zeuk: idatzi eskutitz bat eskuz, egizu argazki-album edo oparitu bizipen bat (masajea, ibilaldia), balio sentimental handiagoa dute horiek eta beharrezkoak ez diren hondakinak saihesten dituzte-eta.
- Loreak eta txokolateak, eragin positiboarekin
Lore freskoak ederrak izan daitezke, baina ur eta pestizida asko kontsumitzen duten laboreetatik datoz, eta kilometro asko egiten dituzte loradendetara iritsi baino lehen. Bada aukera jasangarriagorik:
Loreontziko landareak: egun gutxitan zimelduko den lore-sorta baten ordez, landare batek maitasunaren hazkundea sinboliza dezake.
Ziurtagiri ekologikoak edo bidezko merkataritzakoak dituzten txokolateak: horrela, ziurtatzen duzu haien ekoizpenak ingurumena eta komunitate ekoizleak errespetatzen dituela.
- Afari erromantikoa, karbono-aztarna txikiagoarekin
Afari berezi bat prestatu gura baduzu, aukeratu hurbileko osagaiak, sasoikoak eta, ahal bada, ekologikoak. Hona hemen ideia batzuk:
Egin afaria etxean, hartara ontzirik alferrik ez galtzeko eta osagaien kalitatea kontrolatzeko.
Aukeratu plant-based erakoak edo ingurumen-inpaktu txikiagoa dutenak, hala nola barazkiak, frutak eta landare-proteinak.
Etxetik kanpo afaltzea erabakitzen baduzu, bilatu jasangarritasun-aukera ziurtatuak dituzten jatetxeak edo tokiko ekoizleekin lan egiten dutenak.
- Bilgarri sortzaileak eta zero waste
Opari bat egin behar baduzu, saihestu erabilera bakarreko plastikozko eta paperezko bilgarriak. Hona hemen aukera batzuk:
Erabili japoniar estiloko oihal berrerabilgarriak (furoshiki).
Berrerabili egunkari, aldizkari edo mapa zaharren papera.
Bilgarria bera opariaren parte izan dadila, hala nola saski bat, tote bag bat edo zapi bat.
- Garraio eta joan-etorri ekologikoagoak
Bidaia labur bat edo, besterik gabe, plan berezi bat baduzu, kontuan hartu zure ingurumen-inpaktua joan-etorrietan. Aukeratu garraiobide jasangarriagoak -hegazkina barik trena edo autobusa-, eta baliatu aukera xarma handiko lekuak bisitatzeko, urrun joan gabe.
- Planetarekiko maitasuna: Ospatu ekintzekin
Zergatik ez aprobetxatu San Valentin ingurumenaren alde elkarrekin zerbait ona egiteko? Hona hemen ideia batzuk:
Zuhaitz bat landatzea bikotean, batera izandako hazkundearen adierazle.
Ingurumen-boluntariotzako jarduera batean parte hartzea.
Ohitura jasangarri berri baterako konpromisoa hartzea, hala nola plastikoaren kontsumoa murriztea edo erosketa arduratsuagoak egitea.
Aurtengo San Valentin egunean, ospatu maitasuna modu esanguratsuagoan eta planetarekiko errespetu handiagoz. Ideia gehiago dituzu? Partekatu iruzkinetan!