PARISKO AKORDIOAREN URTEURRENA

Kiotoko protokoloak adierazten du berotegi-efektuko gasen ondorioz klima aldatzen hasi zela. Protokoloa indarrean sartu zenetik, klima-aldaketari aurre egiteko plan global bat garatzeko lan egin behar zela nabarmendu zen, herrialde guztiak berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko ahaleginetan sartzeko helburuz.

Protokolo horretan, herrialde garatuen emisioak murrizteko helburuak jaso ziren soilik. Beraz, tresna berri bat behar zen, klima-aldaketari erantzun egokia emateko orduan herrialde guztien parte-hartzea bermatzeko. Testuinguru horretan, 2015eko abenduan Parisko Akordioa onartu zen (nazioarteko tratatua, juridikoki loteslea). Akordio horrek klima-aldaketaren aurkako borrokaren alderdi guztiak barnean hartzen ditu (leuntzea, egokitzea eta ezartzeko bitartekoak).

Parisko Akordioak epe luzerako 3 helburu nagusi ditu. Nazioarteko itun batean lehen aldiz, akordio honen lehen helburua da planetaren tenperatura globalaren igoera ez dadila izan 2°C baino handiagoa. Era berean, ahalegin osagarriak sustatu nahi ditu, tenperatura hori 1,5°C-tik gorakoa izan ez dadin. Gainera, epe ertain eta luzerako helburu gisa, mendearen bigarren erdian berotegi-efektuko gasen emisioen eta xurgapenen arteko oreka lortu beharra ezartzen du. Bigarren helburua da klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko gaitasuna hobetzea, klimaren alorreko erresilientzia areagotzea, eta berotegi-efektuko gasen emisio gutxiko garapena sustatzea. Azkenik, finantza-mugimenduak klimari dagokionez erresilientea den garapen-eredu batekin bateragarriak izan daitezela, eta berotegi-efektuko gasen emisio gutxi izan ditzatela.

Munduaren beroketak 2°C ez gainditzeko helburua izateaz gain, estreinako aldiz herrialde guztiak konprometitzen ditu nazio mailako ekarpen zehatzak edo klima-aldaketaren aurkako borroka-planak prestatzera, jakinaraztera eta mantentzera, emisioak murrizteko konpromisoak barne hartuta. Era berean, herrialde guztiek hartutako konpromisoen eta haien aurrerapenaren berri izateko sistema bat ezartzen da. Balantze orokor bat egin behar dela adostu da, guztiek batera Akordioaren helburuetarantz egiten duten aurrerapena ebaluatzeko eta klimaren arazoaren inguruan anbizio handiagoa sustatzeko modua identifikatzeko. Gainera, garapen bidean dauden herrialdeei laguntza emango zaie hainbat alorretan (teknologia, finantzak, gaikuntza), hori funtsezkoa baita herrialde guztiek etorkizun garbia eta erresilientea sustatu ahal izateko.

Hala, bada, gaur, 2022ko abenduaren 12an, Parisko Akordioaren urteurrena ospatzen da, klima-aldaketaren alorrean benetan garrantzitsua.