OZONO-ZULOA AURREIKUSITAKOA BAINO LEHEN ITXI DA 2025. URTEAN
Ozono-zuloa estratosferako eremu bat da (batez ere Antartikaren gainean), non ozono-kontzentrazioa (O3) anormalki baxua izaten den urte-sasoi batzuetan. Zulo horri esker, “ozonoa babesteko geruza” horrek, eguzkiaren erradiazio ultramorea (UV) xurgatzen duenak, izpi ultramore gehiago pasatzen uzten du. Fenomeno hori konposatu kimikoen emisio antropogenikoen ondorioz estratosferan gertatzen den kloroaren (Cl) eta bromoaren (Br) kontzentrazio- metaketari egozten zaio batez ere.
Ezer baino lehen, ozono-zuloa urtean zehar ireki eta itxi egiten dela jakin behar da. Hau da, neguaren amaieran eta udaberriaren hasieran ireki/hazi egiten da; urte sasoi horietako tenperatura oso baxuen ondorioz hodei hotzak osatzen dira, eta hodei hotz horiek Cl eta Br konposatuak aktibatzen dituzte. Orduan, udaberriko eguzkiarekin, argiak erreakzio kimikoak sortzen ditu, ozonoa abiadura handian suntsitzen dutenak. Aldiz, udak aurrera egin ahala, azaroa-abendura arte, estratosfera berotu egiten da, eta, horrela, erreakzio kimikoak errazten zituzten hodeiak desagertzen dira, ozonoaren suntsipen azkarra geldiaraziz eta zuloa itxiz/murriztuz. Beste era batera esanda, hodei hotz horiek dauden bitartean, horien barruan izotz-kristalak egongo dira, eta horiek azal moduko bat eratzen dute non ozonoa suntsitzen den. Hortaz, hodeirik ez badago, ez dago gainazalik ozonoa modu eraginkorragoan suntsitu dadin eta ondorioz ozono-zuloa murriztu egingo da.
2025.urtean, ozono-zuloa abuztuaren erdian garatu zen, eta zuloak irailaren hasieran izan zuen hedadurarik handiena: 22,86 milioi kilometro koadroko azalera. Gainera, NASAk eta Ozeanoaren eta Atmosferaren Administrazioko Bulego Nazionalak (NOAA) adierazten dutenez, aurtengo zuloa bosgarren txikiena izan da 1992tik, urteko erregistroak egiten hasi zirenetik. Hau da, inoiz izandako zulo handiena baino % 30 inguru txikiagoa; hain zuzen ere, zulorik handiena 2006. urtean erregistratu zen eta 26,60 milioi kilometro koadroko batez besteko azalera izan zuen. Kontuan izan behar da, halaber, zulo hori 2025eko abenduaren 1ean itxi zela; beraz, goiz itxi da, sekula baino azkarrago 2019tik.
Klimaren eraginez ozono-zuloaren urteko gehieneko hedadura urte batetik bestera alda daitekeen arren, zenbait hamarkadatako erregistroak erakusten du ozono-geruza poliki-poliki berreskuratzen ari dela eta mende honen amaierarako berreskura daitekeela.
Laburbilduz, datu horiek guztiak kontuan hartuta, esan daiteke seinale pozgarria dela eta ozono-geruza berreskuratzeko aurrerapen egonkorra islatzen duela, 1987an Montrealgo Protokoloaren bidez ozono-geruza agortzen duten substantzien debekuari esker. Izan ere, Paul Newmanek (Maryland-eko Nasako Goddard Hegaldi Espazialeko Zentroko ozonoari buruzko ikerketa-taldeko liderra) adierazi zuen aurtengo zuloa milioi bat kilometro koadrotik gorakoa izango litzatekeela baldin eta estratosferan duela 25 urte adina Cl balego.


