NEKAZARITZA EKOLOGIKOA: ETORKIZUN JASANGARRIA LANDUZ
Nekazaritza ezinbestekoa da, bai elikatzeko, bai ekonomia globalerako. Aitzitik, nekazaritzak ingurumenean duen inpaktuagatik kezkatuta daude herritarrak. Inpaktu hori, baina, nekazaritza tradizionalak eragindakoa da: lurra narriatzea, ura kutsatzea eta biodibertsitatea galtzea ekarri du.
Nekazaritzaren Nazioarteko Eguna izango da bihar, irailak 9. Egun horren xedea da nekazaritzaren arloan ere jasangarritasunak duen garrantziaz sentsibilizatzea, ingurumena zaintzen duten nekazaritza-jardunbideak sortuz: nekazaritza ekologikoa. Nekazaritza ekologikoa nekazaritza tradizionala baino laborantza-sistema jasangarriagoa da, eta goraka doa azken urteotan. Hala ere, nekazaritza tradizionala da nagusi gaur egun, oraindik ere. Nekazaritza ekologikoak ingurumenaren gaineko inpaktua txikitzen laguntzen du, eta, epe luzera, produktibitatea eta nekazaritza-sistemen erresilientzia handitzen ditu.
Nekazaritza tradizionalean produktu kimiko gehiegi (herbizidak, fungizidak eta intsektizidak) eta nitratoak dituzten ongarriak erabiltzen dira, ur gehiegi kontsumitzen da, eta landare-hondakinak alferrik galtzen dira. Aldiz, nekazaritza ekologikoak, ingurumena zaintzen duen nekazaritza mota berri horrek, printzipio hauei jarraitzen die:
- Ura modu arduratsuan kontsumitzen da.
- Ongarri naturalak erabiltzen dira (zizare-humusa, konposta, simaurra). Horrek lurraren emankortasuna hobetzen laguntzen du, eta, gainera, lurrean eta lurpeko uretan produktu kimikoak pilatzea ekiditen du.
- Izurriteak modu naturalean kontrolatzen dira: ez dago produktu kimikoekiko mendekotasunik, izurriteak eta gaixotasunak prebenitzeko. Horren ordez, izurriteak eta gaixotasunak kontrolatzeko metodo biologikoak erabiltzen dira.
- Biodibertsitatea bilatzen da: hirietako biodibertsitatea handitzen laguntzen da, intsektuak eta hegaztiak bezalako espezie askorentzako habitat egokia sortzen baita.