MONTECABRAS BIODIBERTSITATEAREN ETA INGURUMEN-HEZKUNTZAREN OASI BIHURTU DA
Nora Abete alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak Montecabras bisitatu du gaur goizean, biodibertsitatea hobetzeko proiektuan egindako aurrerapenak ospatzeko. Ekimen horrek helburu du eremuko aberastasun naturala berreskuratzea eta eremuak aisialdi arduratsurako eta ingurumen-hezkuntzarako esparru gisa daukan balioa handitzea.
Montecabras mendia Bilbo eta Erandio artean dago. 2023ko abenduaz geroztik, jarduketa handiak egin dira bertan, eremua zeharkatzen duen Artxandako pasabidearen obrak amaitu ondoren. Besteak beste, espezie exotiko inbaditzaileak kendu dira, hala nola sasiakazia (Robinia pseudoacacia), Panpako belarra (Cortaderia selloana) eta tximeleten zuhaixka (Buddleja davidii), eta, haien ordez, bertako espezieak landatu dira, hala nola haritzak (Quercus robur), arteak (Quercus ilex), artelatzak (Quercus suber) eta ereinotzak (Laurus nobilis).
“Oso harro gaude Montecabrasen egindako lanaz. Esku-hartze horrek, eremuaren biodibertsitatea hobetzeaz gain, ingurua aire zabaleko ingurumen-interpretaziorako gela bihurtu du”, adierazi du Nora Abetek. “Landare- eta animalia-espezie berriak garatu ahala, ingurunearen biodibertsitatea handitu egingo da, eta herritarrei naturaz ikasteko eta gozatzeko aukera emango dien espazio bat sortuko da”.
Flora autoktonoa landatzeaz gain, zenbait mikrohabitat sortu dira, hala nola harri pilak, anfibioentzako putzu bat, eta intsektuentzako hotel bat. Horrez gain, sei informazio-panel ipini dira. Panel horietan, inguruari, egindako jarduketei, intsektuentzako hotelari, orkideen lorategiari, anfibioentzako hezeguneari eta artelatzari buruzko informazioa jaso da.
Nora Abetek nabarmendu nahi izan du zeinen garrantzitsuak diren elementu horiek ingurumen-hezkuntzan: “Montecabras ingurumen-hezkuntzako jardueretarako gune paregabea da orain, batez ere Bilboko Udalaren Eskola 2030 Agendari dagokionez. Nahiko genuke gune hau bioaniztasunaren babeserako eta ingurumenari lotutako sentsibilizaziorako eredu izatea”.
Egindako lanei esker, Montecabras bioanitzagoa da; pertsona guztientzako heziketarako eta aisialdirako gune bihurtu da, eta natura-ingurunearen erabilera arduratsua eta iraunkorra sustatzen du.