LURZORUAREN KONTSERBAZIOA

Lurzorua etengabe aldatuz doan sistema konplexua da. Bizitza molde ugariren euskarria da (landareak, animaliak eta abar), bai eta landaredia hazteko substratua ere; eta espezieek behar dituzten mantenugaiak bermatzen ditu.

1963tik, Lurzoruaren Kontserbazioaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, uztailaren 7an. Hugh Hammond Bennett zientzialaren omenez hautatu zuten data hori: hura hil zeneko eguna da. Hammond Bennettek frogatu zuen lurzoruaren zaintzak eragin zuzena daukala lurzoru horrek ekoizteko duen gaitasunean.

Lurzoruaren Kontserbazioaren Nazioarteko Egunaren helburua zientzialariak zuen berbera da: herritarrak kontzientziatzea lurzoruek eta horiek zaintzeak duten garrantziaz.

Lurzorua zaintzeko, haren osasuna mantenduko (edo handituko) duten jarduerak egin behar dira. Horrek barne hartzen ditu higadura, trinkotzea eta gazitasuna prebenitzeko jarduerak, eta lurzoruaren emankortasuna mantentzeko edo hobetzeko jardunak ere bai.

Alabaina, nekazaritza-jarduera eta abeltzaintza industrial masiboak, produktu kimikoen gehiegizko erabilerak, hedatze-prozesuan dauden hiriak, kutsadurak, jasangarriak ez diren jardunbideak eta, noski, klima-aldaketak lurzoruak mehatxatzen dituzte.