Lurraren Eguna

Gaur, apirilak 22, Lurraren Eguna ospatzen da mundu osoko 180 herrialdetan.

1969ko apirilaren 22an, Estatu Batuetan, 20 milioi pertsonatik gora irten ziren kalera, ingurumenaren babeserako agentzia bat sortzeko exijituz, orduko ingurumen-krisiari erantzuteko. Ekimen hari esker, gobernuek ingurumenaren inguruko legeak onartu eta ingurumenaren alorreko agentziak sortu zituzten.

Lurraren Egunean, gure planetak pairatzen dituen arazoei buruzko kontzientzia sortu gura dugu, planeta babesteko asmoz. Izan ere, gure ekosistemen eta haien bizilagunen osasuna (gurea barne) planetaren osasunaren mende dago erabat.

Klima-aldaketa, biodibertsitatearen galera eta gizakien hainbat jarduera (baso-soiltzea, lurraren erabileren aldaketa, abeltzaintza intentsiboa, eta basa flora eta faunaren legez kanpoko salerosketa) Lurraren suntsiketaren erritmoa azkartzeko faktoreak izan daitezke.

Planeta babesten laguntzeko neurrietako batzuk hauek dira:

  • Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Kontsumoa ahalik eta gehien murriztea; produktuak berrerabiltzea, beren bizialdia ahalik eta gehien luzatzeko; eta birziklatzea, produktuen materialak aprobetxatzeko.
  • Ahal den guztietan, garraio publikoa erabiltzea. Autoek negutegi-efektuko gasen emisioen % 25 sortzen dituzte hirietan.
  • Uraren kontsumoa murriztea. Ba al dakizu planetako uraren % 3 baino gutxiago dela gizakiek kontsumitzeko modukoa?
  • Zuhaitzak landatzea. Ozeanoek bezala, zuhaitzek karbonoa harrapatzen dute: CO2a xurgatzen dute. Horregatik, garrantzitsua da baso-soiltzea ekiditen duten ekintzak babestea eta zuhaitzak landatzea, batez ere tokian tokiko zuhaitz espezieak.

 

Eta zuk zer egiten duzu planeta zaintzeko?