KLIMA-ALDAKETA NEKAZARITZAKO IZURRITEAK AREAGOTZEN ARI DA

Klima-aldaketak aurrera egin ahala, laboreei kalte egiten dieten izurriteak nabarmen handitzen ari dira, eta horrek elikagaien galera handiagoak eta elikagaien segurtasunerako mehatxu gero eta handiagoak eragiten ditu mundu osoan. Hala ohartarazi dute nazioarteko adituek, Nature Reviews Earth & Environment aldizkarian zabaldutako “Crop pest responses to global changes in climate and land management” azterlan zientifiko zabalean. Azterlanak aztertzen du berotze globalak, muturreko fenomeno klimatikoek, lurzoruaren erabileraren aldaketek eta nekazaritza-praktika jakin batzuek zelan aldatzen ari diren eskala globalean izurriteen portaera, banaketa eta ugaritasuna, elikagaien ekoizpenean zuzeneko ondorioak izanik.

Ikertzaileen arabera, tenperaturen igoerak eta euriteen aldaketek baldintza ezin hobeak sortzen ari dira laboreei eraso egiten dieten intsektu asko luzaroago bizitzeko, azkarrago ugaltzeko eta lehen bizirauteko aukerarik ez zuten eskualdeetara hedatzeko. Bereziki, berotze globalaren ondorioz, izurriteek urtaroko jarduera aurreratzen dute, banaketa-eremua latitude eta altitude altuagoetarantz zabaltzen dute eta urtero sortzen duten belaunaldi kopurua handitzen dute, eta horrek laboreei kalte egin diezaieketen denbora luzatzen du. Horrek guztiak galera handiagoak eragin ditzake oinarrizko laboreetan. Hau da, zientzialariek ohartarazten dute tenperatura globala 2 gradu zentigradutan handitzen bada, izurriteek eragindako kalteak modu kezkagarrian hazi daitezkeela planetako elikagai garrantzitsuenetako batzuetan: garian (% 46rainoko igoera galeretan), arrozean (ia % 19ko igoera galeretan) eta artoan (% 31 inguruko igoera galeretan). Azterlanak azpimarratzen duenez, galera horiek ez dira izurrite-kopurua handitzearen ondorio bakarrik; izan ere, landareak estres termikoarekiko eta lehorte moderatuekiko kalteberago bihurtzen dira eta intsektuen aurrean defendatzeko gaitasun naturala murrizten da.

Aipatutako hiru labore horiek milaka milioi pertsonaren elikaduraren oinarria dira eta, beraz, ekoizpena murrizteak eragin zuzena dauka elikagaien eskuragarritasunean eta prezioan. Egileek ohartarazi dutenez, klima-aldaketara egokitzeko eta izurriteak kudeatzeko baliabide gutxien dauzkaten herrialdeak izango dira kaltetuenak, eta horrek munduko elikadura-desberdintasunak larriagotu ditzake.

Adituek adierazi dute, halaber, nekazaritza intentsiboak, deforestazioak eta monolaboreen erabilera orokorrak biodibertsitatea murriztu dutela, eta izurriteak menpean mantentzen zituzten etsai natural asko desagerrarazi dituztela. Beraz, nekazaritza intentsiboa eta merkataritza globala funtsezko faktoreak dira. Horri gehitu behar zaio merkataritzaren globalizazioa, espezie inbaditzaileak herrialde berrietara iristea errazten baitu. Datu zientifikoen arabera, izurrite inbaditzaileek eragindako kalteak 423.000 milioi dolarretik gorakoak izan ziren 2019an, eta zifra hori etengabe hazi da azken hamarkadetan.

Bai zientzialariek bai analistek ohartarazi dute pestiziden erabilera areagotzea ez dela irtenbide jasangarria. Produktu horiek gehiegi erabiltzeak erresistentziak sor ditzake izurriteetan eta intsektu onuragarriei kalte egin diezaieke, esaterako polinizatzaileei. Gainera, azterlanak adierazten du klima-aldaketak pestizida batzuen eraginkortasuna murriztu eta erresistentzien agerpena bizkortu dezakeela, eta horrek are gehiago zailtzen du epe luzerako izurriteen kontrola. Horregatik, adituek ikuspegi-aldaketaren alde egiten dute, hauek barne hartuta: laboreak dibertsifikatzea, biodibertsitatea babestea, izurriteen kontrol biologikoa sustatzea eta detekzio goiztiarreko sistemak hobetzea.

Adituak bat datoz esatean nekazaritza klima-aldaketara egokitzeko premiazko neurririk hartzen ez bada, izurriteak areagotzea desafio handienetako bat izan litekeela datozen hamarkadetan elikagai nahikoak eta eskuragarriak bermatzeko. Mezua argia da: klima babestea gure elikagaiak babestea da.