Klima-aldaketa eta plastikoak: lurra eta itsasoa mehatxatzen dituen konbinazioa
Klima-aldaketa eta plastikoek eragindako kutsadura dira gizakiek ekosistemetan egiten duten presiorik larrienetako bi. Izan ere, Kelly F.J.k eta beste batzuek (2025) argitaratutako “Plastic pollution under the influence of climate change: Implications for the abundance, distribution, and hazards in terrestrial and aquatic ecosystems” izeneko azterketa sakonak ohartarazten du klima-aldaketak eta plastikoek eragindako kutsadurak ez dutela bereiz jarduten; aitzitik, elkar indartzen dute, eta ondorio kaltegarriagoak sortzen dituzte lehorreko eta uretako ekosistemetan.
Gainera, kontuan izan behar da plastikoek eta klimak lotura bat daukatela jatorritik. Hau da, arazo biek erro bera daukate: erregai fosilen mende daude. Plastikoen % 98 baino gehiago petroliotik, gasetik eta ikatzetik sortzen dira, eta horrek esan nahi du berotegi-efektuko gasak (BEG) isurtzen direla plastikoaren bizi-ziklo osoan, erauzketatik hasi eta bota arte. 2019an, plastikoen fabrikazioak eta kudeaketak 1,8 gigatona CO2 sortu zituen, munduko herrialde gehienek banaka begiratuta sortu zuten kopurua baino gehiago. Hala ere, aipatu behar da azterlanak alderantzizko erlazioan jartzen duela arreta: klima-aldaketak zelan larriagotzen duen kutsadura plastikoa.
Egileen arabera, berotze globalak plastikoen degradazioa areagotzen du tenperatura, erradiazio ultramore eta hezetasun handiagoaren bidez, eta haustura bizkortzen du, mikro eta nanoplastikoak sortuz. Partikula horiek askoz ere mugikorragoak eta toxikoagoak dira. Uste da 10º C-ko igoerak batek plastikoen degradazio-abiadura bikoiztu dezakeela. Beraz, planeta beroago batek mikroplastiko gehiago sortuko lituzke.
Gainera, klimak areagotutako muturreko gertaerek (ekaitzak, uholdeak, lehorteak eta suteak) ibaietan, kostaldean, zabortegietan eta lurzoruetan harrapatutako hondakin plastiko asko askatzen dituzte eta modu globalean zabaltzen dituzte. Adibidez, Hong Kongen tifoi bat izan ondoren, hondartzako sedimentuetan zeuden mikroplastikoen kontzentrazioa ia 40 aldiz handitu zen. Beste adibide bat izango litzateke uholdeek “plastikozko arrokak” osatzen ere lagun dezaketela. Arrokek eta plastikoek lotura kimiko bat ezartzen dutenean eta fusionatzen direnean sortzen dira, mikroplastikoak sortzeko leku bihurtuz. Gainera, ozeano globalean, itsas izotza luzaroan eratzen bada ur-zutabean dauden giza jatorriko partikulak harrapatu eta kontzentratzen ditu; hori desizoztuz gero, mikroplastikoen iturri bihur liteke.
Azterketak agerian uzten du, halaber, lurreko ekosistemetan inpaktuak konplexuagoak eta aurreikusteko zailagoak direla, baina dagoeneko ikusten dira murrizketak nekazaritza-produktibitatean, aldaketak nitrogeno-zikloan eta aldaketak lurzoruaren egituran muturreko beroa eta mikroplastikoak elkartzen direnean. Bestalde, uretako ekosistemetan, koralei, itsas barraskiloei, itsas trikuei, muskuiluei eta arrainei buruzko ikerketek erakutsi dute mikroplastikoek eragindako kutsadurak murriztu egiten duela ozeanoaren tenperaturaren igoerari eta itsas azidotzeari aurre egiteko gaitasuna, biak klima-aldaketak bultzatuta. Izan ere, animalia iragazle batzuk, hala nola muskuiluak, mikroplastikoz betetzen dira eta harrapariei transferitzen dizkiete. Horrela, kutsadura bultzatzen da kate trofikoan zehar eta, horrela, kate horren goialdean daudenetara iristen da.
Laburbilduz, klima beroagoak plastikoen kantitateari, zabalketari, esposizioari, arriskuei eta inpaktuei eragiten die ingurumenean. Gainera, krisialdirako hainbat irtenbide iradoki daitezke, esaterako plastikoaren erabilera murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea, produktuak berriro diseinatzea eta erabilera bakarreko beharrezkoak ez diren plastikoak kentzea. Hau da, etorkizunean plastikoak izango ditugun arren, mikroplastiko gehiago sortzea saihestu behar da.


