Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko ikertzaileek erabilitako arropa eraikuntza-material bihurtzeko prozesua garatu dute
Urtero, 35 eta 95 milioi tona ehun-hondakin botatzen dira. Hondakin-kantitate ikaragarria izateaz gain, zuntz motak eta bestelako elementuak (kremailerak eta botoiak, adibidez) bereizteko lan zaila egin behar da.
Ehungintzako hondakin horietako asko erraustu egiten dira edo zabortegietara eraman, eta horrek inpaktu ekologiko handia du. Ingurumenarekiko gero eta kezka handiagoa dagoenez, sektore batzuk alternatiba jasangarriagoak garatzen hasi dira.
Eraikuntzaren sektorea da gehien kutsatzen dutenetako bat, hain zuzen ere, CO2 isurketen % 35, energia-kontsumoaren % 40 eta Europar Batasuneko hondakin solidoen % 45 sortzen baititu. Ingurumen-inpaktuak murrizteko neurrietako bat eraikuntza-materialen inpaktua murriztea da, adibidez material jasangarriagoak erabiliz edo ekoizpen-prozesuetan energia murriztuz.
Jasangarritasun globala hobetzeko ezinbestekoa den beste industria-mota bat ehungintza da. Horregatik, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko ikerketa-talde batek metodo bat garatu du ehungintzako hondakinak birziklatu eta horiekin eraikuntza-materiala egiteko, beste material batzuekin batera, aglomeratzaileekin eta karga mineralekin esaterako.
Emaitza material arina eta flexioarekiko erresistentea da; ezin hobea da zoladura flotatzaile gisa erabiltzeko, trenkada lehorrak egin edo fatxadak estaltzeko, besteak beste.