INTSEKTUEN HOTELAK

Azken urteotan, intsektu-espezieen kopuruak behera egin du, gizakiak haien habitatetan eragindako aldaketen eta intsektizidak kontrolik gabe erabiltzearen ondorioz. Intsektuak funtsezkoak dira prozesu ekologikoetarako:

  • Batzuek polinizatu egiten dute
  • Beste batzuk lurzorua airatzen laguntzen dute
  • Lurzoruko mantenugaiak birziklatzen parte hartzen dute, beren hondakinetako elikagaiekin ongarritzen baitute lurra.
  • Animalia askoren (anfibioak, narrastiak, ugaztunak…) elikadura-iturri dira.

Horregatik, garrantzitsua da intsektuak kontserbatzeko beharraz jabetzea. Keinu txiki batekin intsektuen kopurua handitzen lagunduko duzu: INTSEKTUEN HOTELAK. Intsektu-espezie askori babesa ematen dieten egiturak dira. Hotelak elementu asko dituzten konpartimentutan banatzen dira: adarrak, enborrak zuloekin, pinaburuak, azalak, etab. Material horietako bakoitza onuragarria izango da intsektu-espezie jakin batzuentzat: marigorringoak, erleak, kakalardoak, tximeletak, pipiak, liztorrak… Intsektu horiek babesteko edo arrautzak jartzeko lekua aurkitzen dute hoteletan.

Intsektuen hotelak instalatzeak mesede egingo die animalia txiki horiei eta zure lorategiari edo baratzeari. Hauek izango dira onurak:

  • Biodibertsitatea handitzea
  • Polinizazioa areagotzea: landareen % 80 inguru intsektuen polinizazioaren mende dago
  • Izurrien kontrola: krisopen edo marigorringoen larbak landare-parasitoez elikatzen dira

Gainera, lorategian edo baratzean landare aromatikoak edukitzeak ere mesede egingo dio biodibertsitateari, intsektu polinizatzaileak erakarriz (erleak, tximeletak).