
ETXE BARRUA BERDETZEA
Etxean landareak baditugu, espazioa edertzeaz gain, onura handia izango dugu osasun fisikoan, buruko osasunean eta ongizate orokorrean. Ikus dezagun nola:
Landareak zaintzen ditugunean zerbait lortu izanaren sentsazioa eta ongizatea sentitzen ditugu, eta gogo-aldartea hobetzen laguntzen du. Nazioarteko azterlan baten arabera -azterlan horren buru izan da Sevillako Unibertsitateko Hiri Naturazioko eta Biosistemen Ingeniaritzako Ikerketa Taldea (Naturib)- inkestatuen % 73,7k gogo-aldartea hobetu zuten, pandemian landareak izan zituztelako etxean, eta horrek poza, lasaitasuna eta baikortasuna eman zien.
Produktibitatea eta kontzentrazioa handitzen direla ikusi da. Ikerketek adierazten dutenez, inguruan landareak izanda lan egiten denean produktibitatea handitu daiteke eta arreta hobetu. Royal College of Agriculturek Circencesterren (Ingalaterra) egindako azterlan batek erakutsi zuen landareak zituzten ikasgeletako ikasleek % 70 distrakzio gutxiago zituztela eta espazio horiek nahiago zituztela eskolak jasotzeko. Ingurunean elementu naturalak egoteak arreta estimulatzen du eta buruko nekea murrizten du.
Beste azterlan batzuen arabera, landare berde eta biziei begira egoteak eragin lasaigarria du nerbio-sisteman, eguneroko estresetik deskonektatzen laguntzen du eta oreka emozionalean laguntzen du.
NASAk 1989an egindako ikerketek iradokitzen zuten landareek airearen kalitatea hobetzeko gaitasuna dutela, Konposatu Organiko Lurrunkorrak (KOL) ezabatuz eta fotosintesiaren bidez. Prozesu horren bidez karbono dioxidoa (CO2) xurgatzen dute eta oxigenoa (O2) askatzen dute. Nature aldizkariak 2019an egindako ikerketek ondorioztatu zuten ezinezkoa izango litzatekeela airea modu esanguratsuan arazteko behar den landare kopurua izatea. Hala eta guztiz ere, informazio horrek adierazten du garrantzitsua dela ahalmen hori azpimarratzea, haren ondorio onuragarrien adibide baita, eta, beraz, gizartea nola orientatu behar dugun berdeguneak babestu eta zaintzeko eta haien azalera pixkanaka handitzeko.