ESKOLARTEKO FOROA. 2025

Otsailaren 13an Bilboko 2030 Eskola Agendaren Eskola arteko Foroa egin zen. Parte hartzeko gune horretan, hainbat ikastetxetako ikasleek beren ingurune hurbileneko ingurumen-diagnostikoa partekatu zuten. Ikastetxe bakoitzetik ikasle bik eta irakasle batek hartu zuten parte, eta beren auzoetako ingurumen-egoerari buruzko kezkak eta hausnarketak partekatu zituzten, bai eta tokiko jasangarritasuna hobetzeko daukaten eginkizunari buruzkoak ere.

2030 Eskola Agenda Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) barruan dago eta hezkuntza-komunitatearen konpromiso bat da aktiboki lan egiteko ingurumen-kalitatea hobetzen, bai ikastetxeetan, bai haien ingurunean. Ildo horretan, Europako parkean hezegunea sortzeko proiektua bisitatu zen jardunaldian. Bertan, ekosistema horien garrantzia, biodibertsitatea babesteko dituzten onurak eta espezie inbaditzaileek dakartzaten desafioak aztertu ziren.

Gainera, ikasleek aktiboki parte hartu zuten beren ingurumen-diagnostikoak aurkeztean, beren eskola-inguruneetan hautemandako arazoak azalduz eta hobetzeko proposamenak eginez.

Jardunaldiaren alderdi nabarmenetako bat ikasleek beraiek hartutako konpromisoa izan da. Izan ere, behaketaren eta analisiaren bidez, ingurumenaren gaineko eragin indibidual eta kolektiboari buruzko hausnarketa egin dute. Belaunaldi berriek beren ingurunea babesteko kontzientzia hartzeak eta inplikazio aktiboak indartu egiten dute Bilbo jasangarriago eta erresilienteago baterako bidea.

Foro horren barruan, Víctor Trimiño Bilboko Udaleko Jasangarritasuneko zuzendariak hitzaldia eman zuen Montecabrasen ingurumena berreskuratzeko proiektuari buruz. Proiektu hori Udalak bultzatu du eta, besteak beste, espezie inbaditzaileak desagerraraztea du helburu, eta bertako flora landatzea sustatu du. Gainera, eremu horretan biodibertsitatea areagotzeko beste ekipamendu batzuk instalatu dira, hala nola harri-multzoak eta intsektuen hotel bat, eta mikrohabitatak sortu dira, esaterako putzu txiki bat. Azalpen-kartelak ere badaude.

Hitzaldian, ikasleek interes handia agertu zuten eta egindako ekintzei eta orain arte lortutako emaitzei buruzko galdera ugari egin zituzten. Interakzio horrek agerian uzten du gazteen jakin-mina eta konpromisoa tokiko ingurumen-ekimenekin.

Azken batean, Eskola arteko Foroa kontzientziazio-, partaidetza- eta sormen-jardunaldia izan da. Ekitaldi honek Erronka Garbia aintzatespena du. Udalak ingurumen-hezkuntza eta ingurumenaren aldeko ekintza kolektiboa sustatzen jarraituko du.