CO2 EMISIOAK MURRIZTEAREN ALDEKO MUNDUKO EGUNA

CO2 Emisioak Murriztearen aldeko Munduko Eguna dela-eta, uste dugu garrantzitsua dela atzera begiratzea gogora ekartzeko Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmenaren (CMNUCC) Alderdien 29. Konferentzia (COP29), zeina Bakun egin baitzen, Azerbaijanen, 2024ko azaroaren 11tik 22ra bitartean. Munduko egun ofiziala gaur bada ere, azpimarratu behar dugu klima-aldaketaren aurkako borrokaren ahaleginak egunerokoak direla, eta esfortzu horiek horretara bideratutako mundu mailako politikak eta tokiko ekintzak hartzen dituztela barne.

Ekitaldi horretan, 197 herrialdetako ordezkariak bildu ziren, klima-aldaketarekin lotutako erronka kritikoak jorratu eta haren ondorioak arintzeko konpromisoak ezartzeko. Laburbildu ditzagun konferentziaren mugarriak, egungo testuinguru politiko eta klimatikoan kokatzeko:

Testuingurua eta erronka globalak

COP29a testuinguru global konplexuan egin zen: gatazkak daude zenbait eskualdetan eta munduko ekonomia dezeleratzen ari da. Faktore horiek negoziazioetan eta herrialdeek asmo handiagoko klima-helburuekin konprometitzeko zuten gaitasunean eragin zuten.

COP29aren helburu nagusiak

Klimaren finantzaketarako helburu kolektibo berria (NCQG): Finantzaketa klimatikoko helburu berria definitzea izan zen gai nagusietako bat; ordura arteko konpromisoa 100.000 milioi dolarrekoa zen urtean. Garapen-bidean zeuden herrialdeek urtean gutxienez bilioi bat dolarreko konpromisoa proposatu zuten; herrialde garatuek, berriz, errezeloak agertu zituzten, eta, azkenean, urtean 300.000 milioi dolarreko konpromisoa hartu zuten 2035erako.

Trantsizio energetikoa eta erregai fosilak murriztea: Energia-iturri berriztagarrien aldeko trantsizioa bizkortzeko eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko beharra eztabaidatu zen. Hala ere, ez zen erregai horien kontsumoa murrizteko neurri espezifikorik adostu.

Justizia klimatikoa eta herrialde kalteberei laguntzea:Klima-aldaketak gehien eragiten dien nazioei laguntza ematearen garrantzia azpimarratu zen, batez ere inpaktuetara egokitzeko baliabide gutxien dituztenei laguntzearen garrantzia. Esparru horretan, azpimarratzekoa izan zen “Baku Call on Climate Action for Peace, Relief, and Recovery” ekimena, zeinak helburu izan baitzuen lankidetzako soluzioak sustatu eta komunitate kalteberei laguntzea.

Erreakzioak eta ebaluazioak

Zenbait herrialdek eta gobernuz kanpoko erakundek COP29a kritikatu zuten, ez baitzituzten nahikotzat jo finantza-konpromisoak eta erregai fosilen erabilera murrizteko akordio zehatzen falta. Adibidez, Afrikako ordezkariek adierazi zuten hasieran proposatutako urteko 250.000 milioi dolarreko jomuga onartezina zela eta ez zituela betetzen identifikatutako egokitzapen-beharrak.

Horrek guztiak Espainiari zer dakarkion eta Bilbon zelan aplikatu

Espainia, Europar Batasuneko kide den aldetik, COP29ean lortutako akordioekiko konpromisoa du. Estatu mailan, horrek esan nahi du nazio mailako ekarpen zehatzak (NDC) berrikusi eta, beharbada, handitu egin behar direla, finantzaketarako eta emisioak murrizteko helburu berriekin bat egiteko.

Autonomia-erkidegoei dagokienez, Euskadi aitzindari da ingurumen-politiketan. Dena dela, eskualdeak Euskadiko Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Plana eta antzeko estrategiak ezartzen eta indartzen jarraitu beharko du, energia berriztagarriak, energia-efizientzia eta mugikortasun jasangarria bultzatzeko.

Bilbok ere, nazioarteko konpromisoak bete nahi baditu, udal-politikak egokitu beharko ditu. Politika horien barruan daude, besteak beste, mugikortasun elektrikoa sustatzea, eraikinetako energia-eraginkortasuna hobetzea, hiriko berdeguneak handitzea eta klima-aldaketarekiko erresilienteak diren azpiegiturak garatzea. Hala, tokiko gobernuaren, enpresen eta herritarren arteko lankidetza funtsezkoa izango da helburu horiek lortzeko.

 

Ondorioa

Bakuko COP29 konferentzia urrats garrantzitsua izan zen klima-aldaketaren aurkako borroka globalean, baina emaitzek agerian uzten dute zaila dela adostasunak lortzea nazioartean. Espainian, Euskadin eta Bilbon, anbizio handiko klima-politika eraginkorren ezarpenean eredugarri izan nahi badugu, akordio horiek aukera eta erantzukizun bat dakarte.