BILBOKO UDALERRIKO HEZEGUNE TXIKIEN SAREA HAZTEN ARI DA
Historikoki, hezegune txikiak lur mortu eta zikintzat hartzen ziren. Horregatik, haietako asko ihartu eta sedimentuekin bete ziren, lurzoru eraikigarria handitzeko helburuz. Mundu osoan, hezeguneen galera % 64koa izan da 1900. urteaz geroztik. Hezeguneen Mundu Egunak, otsailaren 2an ospatzen denak, ur-ekosistema horien garrantzia azpimarratzen du: iragazki naturalak dira, uholdeak murrizten dituzte, espezie askoren habitata dira, eta ekosistema globalaren osasuna hobetzen dute. Bilboko Udalak zenbait jarduketa egiten ditu hirian dauden hezegune txikien sarea handitzeko eta haien kontserbazioa sustatzeko. Artxondoko harrobiaren inguruetan bi putzu sortu ziren; Otxarkoagako ortuen parkean, Errekalden eta Artxandan mikro-hezeguneak ipini ziren, eta Etxebarria eta Europa parkeetan urmael bat jarri zen 2023an. Ur-ekosistema horiek apurka-apurka naturalizatzen ari dira, giro horiei lotutako espezie natiboak erakarriz: anfibioak, burruntziak eta sorgin-orratzak.