Bilboko Udaleko garbiketa zerbitzuak azken belaunaldiko makinak eta ibilgailuak eskuratu ditu bere flotarako

  • Bilboko Udalak garbiketa zerbitzuko ibilgailuen % 80 berritu du; 16 ibilgailu-mota eta martxoan estreinatu ziren makinak eta kale-garbitzeko makinak gehitu ditu zerbitzura.
  • Garbiketako 251 ibilgailutik berrehun eta bat berrituko dira. Ibilgailu berriak jasangarriagoak, isilagoak eta seguruagoak izango dira; gainera, askoz ur gutxiago erabiltzen dute. Garbiketako ibilgailuen % 25 elektrikoak dira.
  • Bilboko Udalak eguneko tratamendu bikoitza sartu du zerbitzu berrian (garbiketa eta osteko mantenimendua), auzoetan eta erdigunean.
  • Azken belaunaldiko ibilgailu eta makina hauei esker, herritarrei eta ingurumenari kalte txikiagoa eragingo zaie. Horrez gain, garbiketa-zerbitzuak etekin operatibo handiagoa eta lanerako sistema modernoagoak izango ditu.
  • Berritasun modura, makina xurgatzaile autopropultsatuak gehitu direla, jende asko batzen den lekuetan mantentze-lanak egiteko. Langileak karrotxoarekin baino askoz lan-ahalmen handiagoa dute makina hauek eta kaleak garbitzeko makinak baino inpaktu txikiagoa eragiten dute jende asko batzen den lekuetan.
  • Zabor organikoa bereizita batzeko zerbitzua Bilbo osora zabaldu da. Horrez gain, kartoia eta beira, etxeko olioa eta gai organikoak bereizita batzeko unitate gehiago jarri dira.

Bilboko Udalak garbiketa-zerbitzuko ibilgailuen % 80 berritu ditu. 16 ibilgailu-mota berri hauekin, kale-garbiketarako ibilgailuen flota modernoagoa eta isilagoa da; gainera, ingurumena hobeto zaindu eta askoz ur gutxiago erabiltzen dute ibilgailuok. Ibilgailu eta makina berri horiek eskuratuta, garbiketa-zerbitzua indartuko da Uriko auzo guztietan.

Gaur egun garbiketako 251 ibilgailu daude eta berrehun baino gehiago berritu diraIbilgailu berriekin zerbitzua hobetu eta uriko mugimenduetara egokituko da. Udalak 24 milioi euroko gastua egin du zerbitzuaren kalitatea ez ezik, hiriaren egoera eta zerbitzuaren irudia bera hobetze aldera.

Garbiketa-zerbitzuaren helburua ahalik eta endredorik txikiena eragitea da, betiere segurtasuna eta zerbitzua bermatuta; horregatik, gune bakoitzeko premietara egokituko da. Ibilgailu berriei eta antolamendu berriari esker, Bilboko Udalak auzo guztietara zabalduko du tratamendu bikoitza (garbiketa eta ondorengo mantentze-lana), “auzoko bihotza” deritzen guneetara, merkataritza eta ostalaritzako jarduera dauden lekuetara. Horiek ere tratamendu berezi hori izango dute garbitasuna sustatzeko.

16 IBILGAILU ETA MAKINA MOTA BERRI

Martxoan, garbiketa-zerbitzuko flotarako kaleak garbitzeko makina elektrikoak, tamaina desberdinetakoak, eskuratu ziren, bai eta kaleak garbitzeko ohiko makinak ere, azken belaunaldikoak espaloietarako eta galtzadetarako, zarata- eta gas-emisio txikikoak.

Bigarren fase honetan Udalak ia 140 ibilgailu berri erosi ditu, 16 motakoak:

  • Furgoi-ibilgailua, presiozko hidrogarbiketarako ekipoarekin (pintadak, orbanak, gorotzak garbitzeko)
  • Furgoi-ibilgailua, presiozko hidrogarbiketarako ekipoarekin eta beira-hautsezko zurrusta botatzeko ekipoarekin (pintadak ezabatzeko)
  • Motogurdi elektrikoa, GOUPIL erakoa, presiozko ekipo elektrikoa duena kaleak urez garbitzeko.
  • Garbiketarako motogurdia, gasolinazkoa.
  • Kamioa, galtzadak urez garbitzeko (10 m3)
  • Kamioa, galtzadak urez garbitzeko (16 m3)
  • Xurgagailu elektriko autopropultsatua, GLUTTON erakoa.
  • Furgoia, errepasorako kaxa irekia duena, pick-up motakoa; atzean arkutxoak eta xurgagailua ditu hostoak biltzeko.
  • Furgoi mistoa, edukiontzien mantentze-lanetarako
  • Puntu garbia duen atoia –ez lagundua- GOUPIL G4 TR3 trakzio-burua duena.
  • Edukiontzi-kamioia, Ampiroll sistemarekin (kakoduna)
  • Kamioa, 18 m3-ko kaxa irekiarekin eta plataforma jasotzailearekin (altzariak batzeko)
  • Alboko karga jasotzeko kamioia (25 m3)
  • Alboko karga jasotzeko kamioia (28 m3)
  • Atzeko karga jasotzeko kamioia, konpartimentu bikoa (18 m3)
  • Atzeko karga jasotzeko kamioia (11 m3)

ZERBITZU BERRIAREN HOBEKUNTZAK

Bilboko Udalak endredo gutxiago sortu nahi ditu kaleak garbitzen eta hondakinak biltzen dituenean eta gainera, zerbitzu horiek efizienteagoak izan daitezen ere nahi du. Horretarako, hobekuntza hauek egin ditu:

  • Eguneko tratamendu bikoitza (garbiketa eta osteko mantenimendua), auzoetan nahiz erdialdean.
  • Ekipo elektrikoak eta presioaz dihardutenak erabiltzea, hartara uraren kontsumoa eta zarata murrizteko, efikazia ezertan aldatu barik.
  • Makina berrien nobedadea, xurgagailu autopropultsatuak dituztela, jende asko batzen den lekuetan garbiketaren mantentze-lanak egiteko. Langileak karrotxoarekin baino askoz lan-ahalmen handiagoa dute makina hauek eta kaleak garbitzeko makinak baino inpaktu txikiagoa eragiten dute jende asko batzen den lekuetan.
  • Igoera nabarmena erabilera askotarako makina-kopuruan, alegia, desinfekziorako, txakur-kakak batzeko eta pintadak eta bestelako mantxak ezabatzeko; hidro-garbigailu horiek presio handiko ur beroa darabilte eta kontsumo txikia daukate; beira-hautsezko zurrustadun konpresoreak ere bai, pintada zailak direnean, fatxada delikatuetan, horietan bitarteko tekniko eraginkorrak behar baitira. Ekipo horiek, fatxadetatik gertu eta, kasu askotan, jende askoko guneetan ibiltzen direnez gero, kamara bat daukate atzealdean, garbitzeko makinek legez, segurtasun handiagoa izateko.
  • Hostoak kentzeko zerbitzu espezifiko bat egongo da. Ibilgailu xurgatzaile handiekin, hostoak modu eraginkorragoan kenduko dira Bilboko kaleetatik udagoienean, galtzadak garbitzeaz gain; ahalmen eta errendimendu handikoak eta emisio eta zarata gutxikoak dira.
  • Urez garbitzeko lana egiteko sistema berriak, alegia, zuzenean ureztatu barik, presio bidezko ekipoak erabiliko dira, motor elektrikoa dutenak; horrela, askoz ur gutxiago beharko da.

SEGURTASUNA

Espaloiak ekortzeko eta urez garbitzeko eta espaloietatik eta oinezkoen guneetatik garbiketa-lanetan ari diren makina guztiek izango dute atzeko kamera eta atzerako martxaren ohar akustikoa, lanean ari direnean segurtasuna areagotzeko.

ERAGIN TXIKIAGOA INGURUMENEAN

Zerbitzua hobetzeaz gain, Bilboko Udalak kontu handia jarri du garbiketako ibilgailu berriek eragin txikiagoa izan dezaten ingurumenean (zarata, emisioak eta kontsumoak).

Horretarako, alde batetik, oraingo ibilgailuak berritzeko 63 ibilgailu elektriko erosi dira. Hortaz, ibilgailuen % 25 elektrikoak izango dira.

Gainera, ikuskapenetarako ibilgailu eta ibilgailu txiki guztiak gasolinakoak edo elektrikoak izango dira, ez gasoliokoak, diesel motorrek hirietan emititzen dituzten partikula astunen arazoagatik.

Azkenik, Udalak sistema berriak planifikatu ditu urez garbitzeko lanetarako. Presiozko ekipoak erabiliko dira zuzeneko ureztapenaren ordez; horrela, bada, uraren kontsumoa asko murriztu ahal izango da.

HOBEKUNTZAK ZABORRAK BILTZEKO ZERBITZUAN

Aurkeztu diren ibilgailu horietako asko zaborrak biltzeko zerbitzurako izango dira.

Duela hil bi hasita, gai organikoen bilketa-zerbitzua Bilbo osoan egiten da. Zerbitzua hiri osora zabaldu ahal izateko, zabor organikoaren bilketerako ibilgailu berriak gehitu dira eta alboko kargako edukiontzi marroiak jarri dira; sistema bera erabiltzen da errefusen, ontzien eta merkataritzako kartoien bilketarako. Edukiontzi marroiak zabaldu ahal izateko txartel elektronikoa behar da, horrela hobetu kudeatu eta erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko .

Kartoia eta beira biltzeko edukiontzi gehiago jartzen ari da Udala, % 20 gehiago jarriko ditu; etxeko olioa biltzeko % 70eko igoera izango da eta 1.400 edukiontzi marroi gehiago (gai organiko selektiboa).

Beste alde batetik, alboko kargarako kamioi berriak 25 eta 28 m3-ko neurrikoak dira, hau da, 3 eta 4 ardatzekoak; lan-eremuaren arabera aukeratu da zein erabili, errendimendua ahalik eta handiena izan dadin.

Bestalde, bilketarako ibilgailu hibridoak ere egongo dira, txikiak eta gas- eta zarata-emisiorik bakoak lanean ari direnean. Zazpi Kaleetako bilketarako erabiliko dira horiek, orain erabiltzen diren kamioi handi eta zaratatsuen ordez. Bilketa modu elektrikoan egingo da oso-osorik eta garraioa, ordea, diesel motorra erabilita.

Bilbogarbien osagarri modura, Bilbogarbi mugikorrak daude; orain arte, zerbitzu hori furgonetarekin ematen zen, “etxeko gai toxikoak biltzeko zerbitzua” izenekoa. Bada, furgoneta horiek aldatu eta beste berri bi gehitu dira: PLATAFORMA-ATOI BI dira, hondakin-motaren arabera modu batera edo bestera ireki eta gaika biltzeko ahalmena dutenak. Atoiak egunean Uriko leku batean edo bitan jarriko dira eta eguna amaitzean jaso egingo ditu GOPUIL G4 TR3 motako ibilgailu elektrikoak. Horrela, herritarrek errazago izango dute hondakinak etxeko atean botatzeko Bilboko edozein tokitan.

KAXA IREKI ETA PLATAFORMADUN KAMIOIAK ere eskuratu dira, 18 m3-koak. Kamioi horiek altzariak eta gauzak jasotzeko eta gestionatzeko erabiliko dira; herritarrak dira horiek batzeko eskaria egin behar dutenak, astero, 010 udal telefonora deituta.

Helburua da zerbitzua atseginagoa izatea herritarrentzat, hartara garbiketa-zerbitzua eta hondakinen bilketa eraginkorra izan dadin baina ahal denik eta endredorik gutxien eraginda. Lanerako ordutegiak aldatu egingo dira urteko sasoiaren arabera; egunean zehar, makina-mota bat edo beste erabiliko da lan bera egiteko jende-kopurua kontuan hartuta; bilketa hondakinen sorrerari egokitzen zaio denbora errealean, zerbitzu hobea emate aldera baliabide gutxiagorekin.

 

nueva flota vehículos y maquinaria de última generación ayuntamiento bilbao