BILBOKO UDALAK LEHEN IBILGAILU HIBRIDOAK ESKURATU DITU BILBOBUSEN IBILGAILU MULTZORAKO
BILBOKO UDALAK LEHEN IBILGAILU HIBRIDOAK ESKURATU DITU BILBOBUSEN IBILGAILU MULTZORAKO
- Udalak 550.000 euro baino gehiago ezarri ditu autobus berri horietarako, eta, hala, isurpenak gutxituko dira.
- Ibilgailu berriekin, zerbitzu emango zaie 77 eta 85 lineei.
- Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak bi ibilgailu elektriko eskuratu zituen ibilgailuen multzorako 2016an, eta beste bi 2017an, eta, urtea amaitu aurretik, beste bi eskuratuko ditu, Bilbobusen ibilgailuak eraginkorragoak eta jasangarriagoak bihurtzeko eginahalean.
Bilboko Udalak Bilbobusen ibilgailu multzoko lehenbiziko ibilgailu hibridoak eskuratu ditu. Bilbobus berri horiek, alkateordeak eta Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak aurkeztu dituzte, eta hiri garraioaren eraginkortasuna hobetuko da hala, eta isurpenak ere gutxituko dira. Bi autobus horiek Mercedes Benzek diseinatzen eta fabrikatzen dituen Citaro-hibrid modelokoak dira.
Bilboko Udalaren Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak taigabe hobetu nahi du Bilbobusen autobus multzoa, hiri-garraioaren kalitatea ahalik onena izan dadila bermatzeko, eta honako hau urrats bat da bide horretan. Bi ibilgailu horiek eskuratuz, “are tinkoagoa bihurtzen da garraio jasangarriko garraio aukerak bilatzeko gure deliberoa, eta ibilgailu multzoa berritzen jarraitzen dugu“, adierazi du Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak.
Ibilgailu hibrido horiek 12 metro luze dira, eta 3 ate dauzkate, hirugarrena mailarik gabea, eta Bilbobusen 77. eta 85. lineetarako izendatu dira. Bilbobus berrienen irisgarritasun baldintza guztiak betetzen dituzte, eta gainerako ibilgailuen itxura bera dute; motorra dute desberdintasun bakarra.
Ibilgailu hibridoek superkondentsadoreak dauzkate, energia bilgailu gisa erabiltzen direnak berreskuratze moduluan, eta, hala, energia aprobetxatzen laguntzen dute, eta emisioak gutxitzen ondorioz. Muntatzeko behar den espazioa txikia da, eta, beraz, ez da galtzen bidaiarientzako eserlekurik barnean.
IBILGAILU HIBRIDOEN FUNTZIONAMENDUA
Ibilgailu hibridoen oinarrizko funtzionamendua oso erraza da. Autobusak abiadura gutxitzen duen bakoitzean, motor elektrikoak energia sorgailu baten gisa lan egiten du, balaztatzeko energia korronte elektriko bihurtuz. Korronte hori baterian gordetzen da, eta motor elektrikoa hornitzen berarekin, errekuntzako motorraren lanari laguntzeko zenbait egoeratan, batez ere abiatzean.
Ibilgailu berri hauetan, motor elektrikoak lagundu egiten dio errekuntza motorrari, batez ere potentzia eskaria handiagoa denean, eta batez ere ibilgailua abiaraztean.
Bi ibilgailu berri horiek eskuratzeko 550.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin da. Beste urrats bat da Bilbobusek hiriko garraioaren kalitatea eta eraginkortasuna gehitzeko hartutako deliberoan.
IBILGAILU ELEKTRIKOAK
Ibilgailu hibridoen aldeko apustu horretaz gain, jakin beharrekoa da bi ibilgailu elektriko berri eskuratu direla berriki Bilbobusen ibilgailu multzorako. Horrenbestez, guztira lau dira era horretako bilbobusak, eta, urtea amaitu baino lehenago, Bilboko Udalak aurreikusia du beste bi ibilgailu elektriko berri eskuratzea.
IRISGARRITASUNA
Bilboko Udala lanean ari da uria irisgarriagoa izan dadin uritar guztientzat. Bilbobusen autobus berriak gidatze optiko-akustikoko sistema batez horniturik daude, eta, berari esker, aiseago izango dute autobusera sartzea itsuek nahiz entzumen urritasuna dutenek. Horrez gain, sistemak badauzka ohartarazpen argi batzuk aurreko atean eta bidaia txartelak emateko eta balioztatzeko makinaren pean. Autobusek, orobat, badituzte Braillez idatzitako sakagailuak eta entzunezko eta ikusizko ohartarazle bat “geraldia eskatua” eta “arrapala eskatua” errotuluekin (euskaraz nahiz gaztelaniaz).
Era berean, Bilbobus berriak mugikortasun urrituko pertsonentzat egokituta daude. Kneeling edo belaunikatzeko sistemak dauzkate, errazago igotzeko, eta, ate nagusian, Hübner arrapala elektrikoa eta haren gaineko eskuzko arrapala ere bai, LED bandarekin, mugikortasun urritua izanik gurpil aulkian doazen pertsonentzat,. Gainera, autobusek badauzkate 2 gune gurpil aulkientzat iraunkorki gordeak. Gune horiek norakoari bizkarra emanez kokatuta daude, eta badituzte, orobat, ainguraketa gailuak, bermatzeko ohola, alboetako bermalekuak, segurtasun uhalak eta kanpoko eta barneko sakagailuak. Xede nagusia da, Uriko pertsona guztien mugikortasuna hobetzeaz gainera, Bilbobus garraio sistema seguru eta irisgarria izan dadila.
Bilbobus berriek badituzte, orobat, bina gailu 2 telefono mugikor edo tableta aldi berean kargatzeko, bakoitza bina USB atakarekin. Bidaiariak, beraz, ez du USB kable bat eraman eta gailu horretan lotu baino; gainera, ohiko entxufeek baino lasterrago kargatzen dute.