BILBOKO UDALAK INTSEKTU POLINIZATZAILEAK BABESTEN DITUZTEN LANDARE-ESPEZIEEN GIDA BAT ARGITARATU DU

Bilbon, 2025eko maiatzaren 20an. Erleen Munduko Egunarekin bat etorriz, Bilboko Udalak, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren bitartez, gida ilustratu bat egin du. Gida horretan, hirian intsektu polinizatzaileentzako habitat egokiak sortzen laguntzen duten 25 landare-espezie autoktono baino gehiago jasotzen dira. Ekimen hori Bilboko Ingurumen Estrategiaren konpromisoen barruan sartzen da, eta herritarren parte-hartzea sustatu nahi du hiri-biodibertsitatea babesten lagun dezaten.

Intsektu polinizatzaileek, hala nola erleek, tximeletek eta erlastarrek, funtsezko zeregina betetzen dute oreka ekologikoan eta elikagaien ekoizpenean.  Hala ere, klima-aldaketaren, kutsaduraren, habitat-galeraren eta pestiziden erabileraren eraginez nabarmen murrizten ari dira haien populazioak. Fenomeno hori, isilean gertatzen ari bada ere, mehatxu larria da gure hiri- eta landa-ekosistemen osasunerako.

Gida berriak jasotzen duen bezala, berotze globalaren ondorioak landareen loratzearen eta intsektuak udaberrian esnatzearen arteko sinkronia aldatzen ari dira, eta zaildu egiten dute haien elikadura eta ugalketa. Horiek horrela, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak biodibertsitatearen eta hirigintzaren arteko koexistentzia erraztuko duten neurrien aldeko apustua egin du, eta keinu txikiak eginez horretan laguntzera gonbidatzen ditu herritarrak, keinu horiek, batuta, eragin handia baitute.

Bilboko Udalak argitaratutako gida baliabide praktiko, irisgarri eta bisuala da, eta gure inguruneko 25 landare-espezie baino gehiagori buruzko informazio zehatza ematen du. Fitxa bakoitzean datu hauek jasotzen dira: landarearen deskribapena, zein intsektuk egiten dion bisita, ezaugarri bereziak eta gomendioak, apaingarri moduan. Gainera, espezie horietako asko berez sor daitezke, leku eta baldintza egokiak izanez gero.

Gida hau elektronikoki banatuko zaie udal-ortuen erabiltzaileei, 2030 Eskola Agenda osatzen duten ikastetxeetako ikasle eta irakasleei eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak bultzatutako ingurumen-hezkuntzako tailerretan parte hartzen dutenei. Era berean, formatu digitalean egongo da eskuragarri www.biobilbao.eus webgunean, herritar guztientzat.

Hiri berdeagoa, biziagoa eta etorkizunarekin konprometituagoa

Ekintza hori bat dator Bilboko Ingurumen Estrategian jasotako beste ildo batzuekin, hala nola azpiegitura berdea sustatzea, aterpe klimatikoak sortzea eta hiri-nekazaritza ekologikoa sustatzea. Udalak espazio publiko eta pribatuetan landaredi autoktonoaren presentzia handiagoa izan dadin ahalegintzen da, landareak baliagarriak direlakoan klima-aldaketa arintzeko, estres termikoa murrizteko eta pertsonen osasun fisikoan eta emozionalean laguntzeko.

“Biodibertsitatea ez da luxu bat, premia bat baizik. Balkoi edo lorategi batean landatzen dugun lore autoktono bakoitza erle batentzako oasia bihur daiteke, eta planetarentzako keinu garrantzitsua “, adierazi du Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotziak. Horrela, Bilbok hiri adeitsu, berde eta erresilienteago batekin duen konpromisoa berresten du.