Bilboko Udala platinozko erratzaz saritua izan da, gai organikoak bereizita batzeko egiten duen kudeakeagatik
Bilboko Udalak kaleko garbiketa egiteko eta hiriko hondakinak batzeko ematen duen zerbitzuaren kalitateagatik jaso du 2018ko Platinozko Erratza saria. Madrileko Hirigintzaren eta Ingurumenaren Nazioarteko Azokan (TECMA) onarpena erakutsi dute Bilboko garbiketaren kudeaketagatik. Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak jaso du saria Asociación Técnica para la Gestión de Residuos y Medio Ambiente (ATEGRUS) elkarteak antolatutako ekitaldian.
Besteak beste, hondakin organikoak bereizita jasotzeko sistema uri guztira hedatu izana kontuan hartu du epaimahaiak saria Bilbori ematea erabakitzeko. Bilboko Udalak uri guztian jarri ditu hondakin organikoak jasotzeko edukiontzi bereziak, txartel elektroniko batez zabaltzeko sistema dutenak. Kudeaketa eta erabiltzaileei ematen zaien arreta hobeak izango dira sistema berriaz eta bereizita jasotzen diren hondakinen portzentajea handiagoa izatea ahalbidetuko du.
Asociación Técnica para la Gestión de Residuos y Medio Ambiente (ATEGRUS) elkarteak hiriko garbiketa eta hondakinak batzeko kudeaketaren arloan nabarmendu diren udalei, mankomunitateei, kabildoei, autonomia-erkidegoei, enpresei, ingeniaritza eta aholkularitza-etxeei ematen dien saririk handiena da Platinozko Erratza.
GARBIKETARAKO KONTRATU BERRIA
Bilbon garbiketaren eta hondakinen kudeaketaren zerbitzuari eusteko eta, are gehiago, zerbitzua hobetzeko kontratua 6 urterako esleitu zenetik sei hilabete iraganda eman diote saria Bilbori. Kontratu berrian garbiketaren kalitatearen, jasangarritasunaren eta baliabideen eraginkortasunaren arloan hobekuntzak jaso dira.
Hona hemen hobekuntza batzuk:
- Uriaren erdialdean, Zazpi Kaleetan eta auzoetako bihotzetan orain egunero garbiketaren tratamendu bi egiten dituzte.
- Zuzenean baldeaz aritu beharrean presio-ekipoak erabiltzen dituzte orain eta, hortaz, era nabarian ur gutxiago kontsumitzen dute.
- Pertsonen % 77k, denden % 80k eta ostalaritzako establezimenduen % 87k uste dute Bilbo gero eta uri garbiagoa dela.
- Garbiketa zerbitzuan 2017an jasotako abisu eta kexen % 98 konpondu zituzten.
- Garbiketa-ibilgailuen % 80 berritu dituzte:
- 63 ibilgailu elektriko eta biltzaile hibrido.
- Gas-isurketarik bat ere ez.
- Puntu mugikor garbien errefortzua.
EDUKIONTZI MARROIA BILBO GUZTIAN
Edukiontzi marroia Bilbo guztian hedatu da.
- 1500 edukiontzi. Edukiontzi bat 240 biztanleko.
- Berrikuntza: Familia bakoitzak bere txartela izango du; eta edukiontzian txipa.
- Familien % 20 konposta egitearekin konpromisoa hartuta egotea da xedea.
- Ekoizle handiak badira, hondakinak bereizita jasoko dira modu indibidualizatuan.
Gure zabor-poltsetan egoten denaren % 40 hondakin organikoak izaten dira eta horiek birzikla daitezke konposta lortzeko; eta tratamendu mekaniko biologikoko instalazioetara eraman ditzakete. Edukiontzi marroiak uri guztian jarrita, urtean 2.500.000 kilo inguru hondakin organiko biltzea aurreikusita dago.
Udalak Kaixo Organikoa izeneko kanpaina jarri du abian, ahalik eta familia gehienek, haiek hala nahi dutelako, parte hartzea lortzeko, hain zuzen, edukiontzi marroian etxean sortutako hondakin organikoak bereizita utziz.
Udaren ostean bigarren fasea izango da eta dagoeneko edukiontzi marroiak jarrita dauden barrutietan zaharren ordez, berriak, handiagoak direnak, jarriko dituzte eta zabaltzeko sistema hobea izango dute. Horretarako, orain arte hondakin organikoak birziklatzeko giltza erabili duten familiek giltza entregatu eta haren ordez edukiontziak zabaltzeko txartela hartu beharko dute. Txartela beste honetarako ere erabili ahalko dute familiek: doan hondakin organikoak batzeko poltsak jasotzeko. Poltsa horiek hondakin organikoa bereizita botatzeko dira eta barrutietan egongo diren makina batzuetan hartu beharko dituzte herritarrek.