
BILBOKO KLIMAREN ALDEKO HERRITARREN BATZARRA
Datorren zapatuan, otsailak 22, Deustuko udaltegian, Bilboko Klimaren aldeko Herritarren Batzarraren lehen saioa izango da. Biltzarra Bilbon erroldatutako 25 emakumek eta 25 gizonek osatzen dute. Pertsona horiek udalerriaren gaur egungo errealitate demografikoa ordezkatzen dute eta beren borondatez onartu dute ekimen honetan parte hartzea.
Parte-hartzaileek arloko adituen orientazioa izango dute, bai eta topaketen dinamika erraztuko duten profesionalen laguntza ere. Sei topaketa izango dira, zapatu goizetan, lau orduz, Deustuko udaltegian eta Zazpi Kaleetako La Bolsa udaltegian, 2025eko otsailetik ekainera.
Prozesuak hiru fase izango ditu:
- Lehenengoak, lehenengo lau asteetan, Batzarra osatzea eta mehatxuei eta klima-aldaketari aurre egiteko moduari buruz eztabaidatzea izango du helburu, gaian adituak direnek emandako eta azaldutako informaziotik abiatuta. Lehenengo fase hau Batzarraren gomendioen lehen zerrendarekin amaituko da.
- Bigarren fasean, bosgarren saioan, gomendioak hautatuko dituzte, proposamenen lehen zerrenda udal-teknikariekin kontrastatuta, edukien bideragarritasuna bermatzeko.
- Eta azken fasea, azken saioan, Udalari emateko proposamenak amaitzea da, eta Udalak proposamen bakoitzari erantzuteko konpromisoa hartuko du.
Ekimen honen helburua da herritarrei hitza ematea eta herritarren parte-hartzea sortzea, amaieran lan horren ondoriozko proposamenak eta gomendioak egiteko. Proposamen eta gomendio horiek Udalari helaraziko zaizkio, kontuan har ditzan eta karbono-aztarna eta klima-aldaketak urian dituen ondorioak murrizteko hartu beharreko erabakien parte izan daitezen.
Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren maiatzaren 20ko 7/2021 Legeak (Eusko Jaurlaritzak promulgatua) planteatzen dituen gomendioei Udalak emandako erantzuna ere bada Klimaren aldeko Herritarren Batzarra eratzea.