BILBOKO KIUB-EK AHOLKATZEN DU MODU ARDURATSUAN KONTSUMITZEA MERKEALDIAN ERE
Hainbat aholku eman ditu, adibidez, egingo dugun erosketa benetan beharrezkoa den baloratzea, eta aisialdi ez-kontsumista, orekatua eta solidarioa hautatzea, prezioen merkealdiaren “tentazioan” erori gabe.
Uztaila gainean dugula, merkealdiaren kanpaina ere laster izango da gurean. Kanpaina honetan, Bilboko Udaleko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) zenbait aholku eskaintzen ditu, adibidez, erosten ari garena benetan behar dugun hausnartzea, eta aisia modu ez-kontsumistan bizitzea.
Finean, kontsumo arduratsua, orekatua eta solidarioa aholkatzen ditu hastear den kanpaina honetan. Prezioak kontuan izatera animatzen du, baita edozein zalantza edo gorabeheraren aurrean galderak egitera eta informazioa eskatzera ere. Hona hemen KIUBen aholkuetako batzuk:
1.Erostera goazena beharrezkoa ote den pentsatzea eta aisialdi ez-kontsumista ere badagoela gogoratzea.
2.Merkealdian lehen ere salgai zeuden produktuak saltzen dira, baina ohiko prezioa baino merkeago.
3.Merkatutako prezioak modu bitara finkatu daitezke: lehengo prezioa eta beheratutakoa adierazita edo, beherapena portzentajezkoa denean eta produktu-multzo generikoari aplikatzekoa denean, nahikoa da aplikatutako portzentajea adieraztea, betiere beheratu gabeko prezioa agerian dela.
4.Beherapena produktuen prezioari bakarrik aplikatzen zaio, ez kalitateari edota garantiari.
5.Establezimenduak txartelarekin ordaindu ahal izateko aukera ematen duela adierazteko ikurra badu, merkealdian ere eskaini beharko du aukera hori, bestelakorik adierazita ez badago ondo ikusteko moduan.
6.Saltzaileek ez dute artikuluak itzultzeko obligaziorik, akatsen bat dutenean izan ezik, baina urte osoan itzulketak onartzen dituzten establezimenduek merkealdietan ere onartu beharko dituzte, bestelakorik adierazita ez badute ondo ikusteko moduan. Itzulketak onartuz gero, komeni da galdetzea ea dirurik itzultzen duten, beste produktu bat hartu behar den edo baleak ematen dituzten, gero arazorik gerta ez dadin.
7.Erostea merkataritza arloko trukea da, elkarrizketan eta gardentasunean oinarritua. Hortaz, beharrezkoa da erosketaren tiketa eskatzea, arazorik izan ez dadin, edota publizitatea bera ere gordetzea.
8.Kontsumoko arbitraje-sistemako merkataritzaren aldeko apustua egitea da kontsumo arloko gatazkak konpontzeko modurik errazena.
“Hiru ikuspegi kontuan hartuta aztertzen dugu kontsumoa: kontsumo arduratsua, kontsumo orekatua eta kontsumo solidarioa. Jakina, kontsumitzaile zentzudunak egitea ere bada gure lana”. Halaxe azaldu du Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak. Gogorarazi du KIUBek ematen dituen zerbitzu guztiak Zerbitzuen Agirian jasota daudela eta agiri hori aplikatzekoa den kalitate-arauaren arabera ziurtatuta dagoela.