BILBOKO ALKATEAK TOKIKO ETA ESKUALDEKO LIDERREN MUNDUKO GOI-BILERAN PARTE HARTUKO DU
- Munduko goi-bilera azaroaren 13tik 15era egingo da Durbanen (Hegoafrika).
- Bilboko Alkatea “Guztiontzako aukerak, hirietako kultura eta diplomazia: garapen iraunkorrerako eta bakerako gakoak” CGLUko Kontseilu Politikoko presidentekidea da.
Tokiko Hiri eta Gobernu Batuek antolatutako Tokiko eta Eskualdeko liderren Munduko Goi Bileran parte hartuko du Bilboko Alkate Juan Mari Aburtok aste honetan, azaroaren 13tik 15era bitartean, Durbanen.
Hiru urtean behin egiten den ekitaldi honek gutxi gorabehera 3.000 tokiko buruzagi hautetsi eta udalerri, hiri, metropoli eta eskualdeetako ordezkari profesional biltzen ditu, baita gizarte zibila, herritarrak eta nazioarteko enpresa- eta ikasketa-munduko adituak ere, gizartea eta tokiko gobernantzak pertsonen alde eta haientzat lan egiteko modua eraldatuko duten politikak garatzeko eta loturak ezartzeko helburuarekin.
Goi-bileran zehar, tokiko gobernuen eguneroko lanean eragina duten dinamika nagusiak eztabaidatuko dira, honako gai hauekin lotuta: hirirako eskubidea, pertsona guztientzako aukerak, hirietako kultura eta diplomazia, lurralde-gobernantza eta maila anitzeko gobernantza eta trantsizio ekologikoa.
Goi-bileran, CGLUren 6. Mundu Biltzarra egingo da. Bertan, CGLUko kideak bilduko dira tokiko eta eskualdeko gobernuen nazioarteko agenda zehazteko eta erakundeko gobernu-organoak berritzeko.
Lehen aldiz, Kongresuaren emaitza gomendio politiko integratu batzuk izango dira, CGLUren estrategiaren berrikuntza 2020ra begira eta haratago gidatzeko, Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuen agendan arreta berezia jarrita.
MUNDUKO BATZARRA
Era berean, Global TaskForce-k (koordinazio- eta kontsulta-mekanismoa, tokiko gobernuen nazioarteko sare nagusiak biltzen dituena, politika globalen prozesuekin lotutako sustapen-lan bateratuari ekiteko), nazioartean aitortua Hiri Agenda Berria sortzeko duen funtsezko eginkizunagatik, Tokiko eta Eskualdeko Gobernuen Munduko Batzarra deitu du. Mekanismo horren bidez, tokiko eta eskualdeko gobernuen kolektiboak nazioarteko agendan eta etorkizuneko politiken garapenean duen ahots politikoari buruz eztabaidatu eta erabakiko du.
BILBOREN PARTE-HARTZEA GOI-BILERAN
Esparru horretan, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak “Erresilientziaren etorkizuna” saio berezian parte hartuko du ostegunean, hilak 14, beste hainbat ordezkari politiko eta elkarterekin batera. Saio horretan, Nazio Batuen agendan egituratutako dinamika eta baliabide naturalak kudeatzen dituzten eta planetaren erresilientziari eta justizia sozial globalari laguntzen dioten hirien eginkizunean duen ahalmena aztertuko dira.
Alkateak Bilbok eta bere metropoliak izan duten hiri- eta ingurumen-eraldaketako eta ekonomia suspertzeko prozesua aurkeztuko du, industriarako, ekonomia digitalerako eta kultura- eta sormen-industrietarako zerbitzu aurreratuen eta zerbitzu-jarduera berrien sektoreak garrantzi handia duen ekonomia lehiakorraren alde eginez, eta zerbitzuen jarduera berrien alde eginez, batez ere gure erakargarritasunean eta kultura-eskaintzan oinarritutako turismoa; hori guztia, kohesioa eta elkarbizitza bermatzera zuzendutako gizarte-babeseko politikek osatzen duten hirugarren zutabean oinarrituta.
Bere mintzaldian, aipamen berezia izango du “Bilbo, balioen hiria” proiektuak, abiapuntutzat hartuta balioak hiri baten trakzio-motorra direla, batez ere hiriko eragile guztiak balioen esparru partekatua lortzeko gai direnean.
Munduko Biltzarrean, erakundeko Presidentetza, Presidentekidetza eta Diruzaintza berrituko dira, eta CGLUren “Peace Prize” saria emango da. Sari horretan, Udalak aktiboki parte hartu du, “Bilbo, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hiria” proiektua aurkeztuz.
BILBO CGLU-N
Bilbo CGLUko partaide aktiboa da 2004an sortu zenetik, eta 2013an bere Munduko Kontseiluan sartu zen. Gainera, Bilbo Hiri Digitaletako Praktika Komunitatearen buru da, eta CGLUko Kultura Batzordeko lehendakariordetza du. Eta 2015ean, nazioarteko erakunde horren Kulturaren Lehen Goi Bilera antolatu zuen. 2018an, Bilbo Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari buruzko Konferentziaren egoitza izan zen (CGLUren eskualde-atala).
Bilboko Alkatea “Guztiontzako aukerak, hirietako kultura eta diplomazia: garapen jasangarrirako eta bakerako gakoak” izeneko kontseilu politikoko presidentekidea da; bertan, kulturaren funtsezko balioak nola babestu, hirien diplomazia eta gaitasunen garapenaren bidezko lankidetza nola sustatu eztabaidatu nahi da, bai eta elkartasuna eta bakea sustatu ere garapen iraunkorrerako oinarri gisa.
Informazio gehiago:
www.uclg.org
www.durban2019.uclg.org
www.global-taskforce.org